Ehungitza sektorea ardatz, aurtengo Merkataritza Festak

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 14a, 00:00

Indarrak batuta Berriak, Udala eta Hernani Burujabe.

Irailaren 19an mahai-ingurua ehungintza burujabetzaren inguruan, eta irailaren 20an, egun osoko azoka izango da, Zinkoenean.

 

Udalak, Berriak elkarteak eta Hernani Burujabek elkarlanean antolatu dute aurtengo Merkataritza Festa. Irailaren 19an eta 20an ospatuko da, eta berrikuntzekin datoz, urte honetan eta datozenetan, Merkataritza Festa tematikoa izatea da asmoa, urtero sektore bat ardatz hartuta. 

Iraileko hirugarren astean ospatu ohi da urtero Merkataritza Festa, Udala, Berriak merkatarien elkartea eta Ekhilurren eskutik. Aurten, ordea, aldaketekin dator edizio berria, «batetik, festak eredu berri bat behar zuela ikusten genuen eta bestetik, Bidea herritar taldea Merkataritza Mahaira hurbildu zen ehungintza burujabetzaren inguruko kezkarekin». Hau horrela, indarrak batu eta Merkataritza Festa ehungintzaren burujabetzaren ingurukoa izango da aurten. Hilaren 19rako ehungintza burujabetzaren inguruko praktika eredugarriak ezagutzeko mahai-ingurua antolatu dute, eta ostiralean, festa kalera aterako da, betiko lez. Herriko komertzioek euren salgaiak kanpora aterako dituzte, eta ehungintza azoka berezia ere egingo da Zinkoenean. Ez da ausaz aukeratutako lekua izan, Zinkoenea herriko bi merkataritza guneen erdian kokatzen den gunea dela azaldu dute antolatzaileek: «Kaxkoan eta Antziolan daude Hernaniko komertzio gehienak, eta Zinkoenea nolabait bada bi eremuen arteko topagunea».

Hernanin ehungintzaren sektorearekin lotutako 37 komertzio daudela azaldu du Bideako Lide Iraolak, eta honen inguruko inkesta bat ere osatu dutela, «herriko denden egoeraren berri eduki eta bezeroen profila ezagutzeko». 14 komertziok hartu dute parte galdetegian eta ondorioa zera izan da, «herriko saltzaileek kontzientziazio maila handia dutela, baina bizirauteko ezinezkoa zaiela sistematik kanpo aritzea, eta horregatik oreka mantentzen saiatzen direla». 

Patxi Ibarguren zinegotziak etxetik oihalak eramateko dei egin die herritarrei, «bi jostun egongo baitira kalea apaintzeko banderatxoak josten, joskintzaren lanbideari ikusgarritasuna emateko». Ostiral arratsaldean, oihalezko biltzekoak egiteko tailerra ere izango da, irekia eta edozein adinetako herritarrentzako. 

Zinkoenea azoka gune bihurtuko bada ere, Berriak-eko komertzioek kalea hartuko dute, euren produktuak ezagutzera eramanez. Aurten 50 urte bete dituen Valen jantzi-denda ere oroituko du festak. Aitor Altuna Berriak-eko teknikariak egun honen garrantzia eta bere esentzia zein den gogoratu du: « Hernaniko Merkataritza Festa herriko merkataritza sektore osoa ospatu, zoriondu eta omentzeko da. Merkataritza ezinbestekoa da eta horregatik animatu nahi ditugu herritar guztiak festara eta egunerokoan ere herriko komertzioetan duten konfiantza erakustera».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!