«Herrian antolatzen ziren kultur jarduera guztien erdian egoten zen Ekintza»

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 14a, 00:00

Zaharrei Omenaldia, 1979.

50 urte bete dira aurten Ekintza Dantza Taldea sortu zenetik. Hernaniko gazte askoren elkargunea izan zen hamar urtez, eta indar haundia lortu zuen herrian. Urteurren berezia baliatuta, taldeko kideen bazkaria antolatu dute hilaren 28rako, Iparragirre sagardotegian.

'Gazte gera gazte, ta ez gaude konforme', horixe izan zitekeen erreportajearen titularra. Izan ere, 50 urte bete dira aurten inkonformismoa eta aldaketarako grina dantza talde batean gorpuztu zirenetik. 1974aren bueltan hasi ziren Hernaniko zenbait gazte ezkontzetan dantza emanaldiak eskaintzen, eta arian-arian sortu zuten Ekintza Dantza Taldea. Urteurren berezia dela eta, bazkaria antolatu dute irailaren 28rako Iparragirre sagardotegian, eta festa hori aitzaki hartuta, garaiko kontuei buruz hitz egin dute Kronikarekin Pello Erdoziak, Lalo Etxeberriak eta Xabier Iriartek. 

«Hasiera batean euskal dantzak eginez diru pixka bat ateratzeko elkartu ginen gazte batzuk, eta pixkanaka sendotzen joan zen taldea», hasi da Erdozia. 1974an Harri Burni eta Mendi-gain elkarteen bueltan biltzen ziren Hernaniko gazte gehienak, eta ordurako euskal kulturarekin lotutako eskaintza bazegoen arren, arlo horretan propio eragiteko jaio zen Ekintza. Dantzariek, txistulariek, txaranga batek, abeslariek eta txalapartariek osatzen zuten taldea, eta hasierako uneetatik «momentuko giro nahasia eta gazteen ilusioa» nabarmentzen ditu Etxeberriak: «Sekulako mugimendu politiko eta soziala zegoen». Iriartek ere horixe du gogoan, «askatasun gosea»: «Bazeuden taldeak askatasun gose hori asetzeko jarduerak egiten zituztenak, mendi irteerak adibidez, eta entzunda daukat Mendi-gaineko kide batzuk hasi zirela Ekintza sortzen». 

Zikuñaga, 1975.

«Hasierako urteetan bi helburu finkatu genituen; euskal kultura bultzatzea eta gazte mugimendua autogestiotik indartzea». Erdoziaren eta Etxeberriaren hitzetan nabari da dantza talde bat baino gehiago zela Ekintza, eragile sozial eta politiko gisa funtzionatzen baitzuen: «Herrian antolatzen ziren jarduera kultural guztien erdian zegoen Ekintza, baita jarduera politikoetan ere. Gainera, dexente landu genuen arlo pertsonala, ardurak ondo banatu genituen, eta gazte askok izan genuen eztanda hartan parte hartzeko aukera», gehitu dute. 

Gutxigorabehera, 10 urteko ibilbidea egin zuen taldeak. Tarte horretan, hiru belaunalditako 100 hernaniarretik gora elkartu zituen, eta garaian garaiko testuinguru sozialera egokitzen egin zuen bidea taldeak: «Herria atzetik zegoela zen gure sentsazioa, edozer antolatuta ere babesa eta erantzun ona jasotzen genuen».   

Pello Erdozia: «1974 urtearen bueltan giro soziala pilpilean zegoen, eta bi helburu finkatu genituen: euskal kultura bultzatzea eta gazte mugimendua autogestiotik indartzea»


Lehenengo mugarria: Zigor antzezlana

Hiru taldekideen esanean, 1977an jarri zuten Ekintzaren mugarrietako bat. Zigor antzezlana plazaratu zuten urte horretan, eta Euskal Herrian zehar eskainitako sei emanaldirekin osatu zuten ibilbidea. Ikuskizun horretan Ekintzaren baloreak islatzen ahalegindu ziren, beste eragile askorekin elkarlanean: «Antzezlanak oso ondo definitzen zuen taldearen izaera eta kutsu politiko haundia zuen. Bertan nahasten genituen antzerkia, kantagintza, dantza, programa politikoak, musika...», dio Erdoziak. Orain irribarre artean gogoratzen duten horrek, ordea, «lan latza» suposatu ziela ondo gogoan du Etxeberriak: «Jantziak egiteko Donostiara joaten ginen larruen bila, dantzak Lasarteko Erketzek prestatu zituen eta jende pila bat mugitu behar izan genuen antzezlana egiteko». 

Portuko Jaiak, 1979.

 

Antolaketa lan horiekin nahikoa ez, eta urte horietan pasa beharreko tramiteak ekarri dituzte gogora Iriartek eta Etxeberriak: «Edozer gauza egiteko filtro asko pasa behar ziren. Zentsura zela eta, Zigorreko dokumentuak, olerkiak eta bertsoak gaztelerara itzuli behar izan genituen Donostiako Gobernu Zibilean aurkezteko. Apaizen izenean eramaten genituen, ez zuelako balio edonoren izenean eramateak. Luistarren babesa izan genuen horretarako». 

Urteak pasa ahala, pixkanaka jaisten joan zen tentsio politikoa, eta aldaketa hori nabarmena izan zela azaldu du Iriartek: «Bi garai desberdindu behar dira: diktadura eta demokrazia. 77an ikurriña legeztatu zuten, 79an korporazio berria sartu zen, eta hortik aurrera erakundeetatik ere babesten zuten gure jarduna. Ordura arte askoz ere intensoagoa izan zen guztia, ia klandestinoki egin behar ziren gauzak». 

Auzoz auzo ibiltzetik Dantzari Astea antolatzera

Ikuskizun gehienak Hernaniko auzoetan eskaini zituen Ekintzak. Estreinakoa 1974ko Portuko Jaietan izan zen, eta ordutik aurrera askotan dantzatu zuten bertan:  «Beste herrietatik gonbidapenak izan genituen, Baztandarren Biltzarrean, Bilbon edo Idiazabalen dantzatu genuen, baina gehienbat Hernaniko auzoetan, jaietan eta jaialdietan aritzen ginen», zehaztu du Etxeberriak. 

Urteko agenda horren barruan Dantzari Astea zen ekitaldi entzutetsuena. Ekintzak zazpi edizio antolatzeko ardura izan zuen, eta taldeak bizirauteko diru iturri nagusietako bat izan zen: «Dantzari Astea prestatzearena oso intensoa izaten zen. Aste osoko egitaraua prestatzen genuen, taberna jartzen genuen dirua ateratzeko, eta taldekideak aste osoan zehar zerbitzari lanetan aritzen ginen», dio Iriartek. Hiruren oroitzapen ederrenak Dantzari Asteko igandeko festa haundikoak dira, Euskal Herriko zazpi herrialdeetako dantzariekin sortutakoak: «Dantzari batzuk bezperan etortzen ziren Hernanira, eta gure etxeetan egiten zuten lo. Oso bizipen politak dira, azken egunekoak bereziki».

Xabier Iriarte: «Afizioaz eta giroaz gain, pertsonalki garatzeko aukera ematen zigun Ekintzak. Denbora asko pasatzen genuen elkarrekin, dantzan eta bestelako jardueretan»


1979aren bueltan egonkortuta zegoen Ekintza, eta Hernanin gaur egun ezagutzen ditugun zenbait festa ospatzen hasi ziren. Inauterien sorreran dexente inplikatu ziren dantza taldeko kideak, eta abenduko kultura hamabostaldian ere parte hartu zuten: «Biteriko eragile guztiak elkartu ginen hori prestatzeko, eta egitarau potentea atera zen; eskulangintza azoka, bertso saioa... Guk Lantzeko Inauteriarekin parte hartu genuen lehenengo urtean, eta hortik aurrera umeei zuzendutako jarduerak prestatu genituen herriko auzoetan», azaldu du Iriartek.

Jarduera guzti horiek antolatzen anekdota eta pasadizo dexente sortu zituzten. Luzaideko dantzen eta Valcarloseko Inauterietako ikuskizuna estreinatu zutenekoa buruan du oraindik Iriartek, aurreko lan guztia ondo egin bazuten ere, ez baitziren eguraldi ona enkargatzeaz oroitu: «Dantza buruz ikasi, ikerketa lana egin eta jantzi guztiak prestatu genituen. 30 laguneko konpartsa zen, eta guztientzat trajeak eskuz prestatzen aritu ondoren, horrek suposatzen duen lanarekin, kalera irten ginenean sekulako euri zaparradak harrapatu gintuen!». 1978ko abenduan izan zen hori, eta bigarren aukera bat izan zuten hurrengo urteko otsailean: «Plazatik abiatu eta kale buelta egin genuen txarangarekin, polita izan zen». 

Ekintza txaranga, 1977.


Etxeberriak ere gogoan ditu ezkontzetan dantzatu beharrak tarteka sortzen zizkien buruhausteak: «Batzuetan bi ezkontza izaten genituen egun berean eta ordu berean. Gu lau katu ginen eta txistulari bakarra geneukan taldean; hortaz, atera kontuak nola ibiltzen ginen batetik bestera!».

Pasadizo guzti horiek kontatuta, taldeko giro onean jarri du azpimarra Iriartek: «Afizioaz gain, pertsonalki garatzeko aukera eskaintzen zigun Ekintzak. Lokala lortu genuenean ere ordu asko pasatzen genituen bertan, elkarrekin, eta aisialdirako baliatzen genuen».

Lalo Etxeberria: «Zentsura zela eta, Zigor antzezlaneko dokumentuak, olerkiak eta bertsoak gaztelerara itzuli behar izan genituen, Donostiako Gobernu Zibilaren filtroa pasatzeko»


Pixkanaka itzali zen Ekintzaren sugarra

Oroitzapen ederrez betetako bide horretan, jarduerei jarraipena emateko oztopoak ere izan zituzten Ekintzako kideek. Horietako bat zen soldaduska: «Lehenengoak 1978an joan ziren, eta hor konturatu ginen zenbateraino mugatzen zuen taldearen garapena. Soldaduskatik itzultzean ikasten edo lanean hasten zen jendea», azaldu dute.

1981era arte indartsu mantendu zen taldea, baina hortik aurrera kosta egin zitzaien ordura arteko erritmoari eustea. Testuingurua aldatzeak ere eragina izan zuen horretan, moda berriei ateak zabaldu baitzizkien gizarteak: «80. hamarkadan iritsi zen Euskal Rock Erradikala, kirolak ere indar haundia hartu zuen Hernanin, Atsegindegiko torneoa asko bizitzen zuen jendeak, eta mutilak gehienbat horra joaten ziren. Lehenago Ekintzak betetzen zuen funtzioa beste jarduera batzuekin bete zen, olinpiadekin adibidez, eta pixkanaka uzten joan ginen».

1984an desegin zen Ekintza, baina zenbait taldekidek dantzarekin lotutako jardueretan parte hartzen jarraitu zuten. Urte luzez aritu ziren San Joan Suan egiten den dantza antolatzen, eta egun horretan afari baten bueltan elkartzeko ohiturari eutsi diote taldekide batzuk.

Gaur egungo jarduerei begiratuta, Etxeberriak, Iriartek eta Erdoziak pozik aipatu dituzte Ttarla eta San Joan Konpartsa, aipatutako jarduera guztiei eusteko egin duten lanagatik.

Zaharrei Omenaldia, 1975.

 

Aspaldiko kontuak berritzeko aitzakia, Iparragirren

San Joan bezperako afaritik atera zen irailaren 28ko bazkaria antolatzeko ideia. Ekintzaren parte izan diren pertsona guztiei zabaldu diete deialdia, eta mahaiaren bueltan orduko garaiak gogoratzea da asmoa. Iparragirre sagardotegia izango da jaiaren erdigunea, eta bertan argazki zaharrekin prestatutako proiekzio txiki bat ere jarriko dute. Bihar amaituko da izena emateko epea; horretarako, 657 71 76 75 edo 636 03 21 41 zenbakietara deitu behar da.

«Hainbeste urteren ondoren ikusten dugu jendeak bizipen positiboa izan zuela Ekintzan. Talde txiki bat elkartzea espero genuen, eta jende asko izango gara azkenean», nabarmendu du Erdoziak.

Bazkariaren aurretik dantza saioa egiteko ideiari uko egin diote hiru kideek, adinari erreferentzia eginez. Honezkero erreportajearentzat titular egokiagoa izango da 'Gazte ginen gazte', baina ziur eguna bukatzerako konforme geratuko direla bertaratzen diren guztiak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!