Gaur hasiko du liga Hernaniko Ohorezko Erregionalak, Zubipen

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 14a, 00:00

Ioritz Lujanbio hernaniarra aurreko denboraldiko partidu batean.

Beasainen aurka jokatuko dute denboraldiko lehenengo partidua. Euskal Ligako neskak, berriz, Bilbon arituko dira.

Aurreko asteburuan hasi zuten denboraldia Hernaniko Euskal Ligako neskek eta Jubenil Nazionalak, eta aste honetan ekingo dio gizonezkoen Ohorezko Erregional mailako taldeak. Gaur arratsaldean jokatuko dute Beasainen aurka, 18:00etatik aurrera, Zubipen.

Aldaketa dexente izan ditu taldeak aurreko denboralditik. Entrenatzaile lanetan Asier Salguerok ordezkatu du Aritz Lujanbio, eta zenbait jokalari garrantzitsuk ez dute taldean jarraituko; Axel Sanzek eta Beñat Mendizabalek, esaterako. Hortaz, gazteek aurrerapauso bat eman beharko dute gaurtik aurrera, azken ligak utzitako ahozaporea hobetzeko. 

Beasain izango da berdeen gaurko aurkaria. Goierriarrek ere sailkapenaren erdialdean amaitu zuten aurreko denboraldia, eta orduko emaitzei erreparatuta (1-0 Zubipen eta 1-1 Loinazen), partidu estua izatea espero da. 

Bilbon arituko dira Euskal Ligako neskak

Lehenengo jardunaldiko emaitza paregabearen ondoren (11-0), etxetik kanpoko debuta egingo dute gaur Euskal Ligako neskek. Bilboko Artizarrak taldearen aurka arituko dira, arratsaldeko 16:30etan, San Ignacio zelaian.

Mikel Manzisidorrek zuzendutako taldeak jarraipena eman nahi dio Zubipen hasitako bolada onari, baina aurkari gogorra izango dute aurrean. Bilboko taldeak etxetik kanpo 1-3 irabaztea lortu zuen aurreneko jardunaldian, Bizkeneskak taldearen kontra. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!