«Kulturartekotasuna sustatzea da aurtengo helburuetako bat: Gaztelekua 12-17 urte bitarteko nerabe guztientzat izatea»

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 14a, 00:00

Maialen Arregui, Ixone Aiestaran eta Esther Navajas, Gaztelekuan.

Datorren ostiralean, irailaren 20an irekiko da Gaztelekua, arratsaldeko 16:30etan. Irekiera festa eta merendola antolatu dute egun horretarako, eta aukera paregabea  izango dute nerabeek Gaztelekua ezagutu, eta bertan egin daitekeena ikusteko. 

 

Datorren ostiralean irekiko dira Hernaniko Gaztelekuko ateak, arratsaldeko 16:30etan. Irekiera festa egingo dute, eta herriko gazteek Gaztelekua eta bertako materiala ezagutzeko aukera izango dute. Hernaniko Haur, Nerabe eta Gazteria Arloko doako zerbitzua da Gaztelekua. Bertan, herriko 12-17 urte bitarteko nerabeei aukera eskaintzen zaie beraien aisialdiaz gozatzeko, lagunekin egoteko eta euskaraz modu aktiboan parte-hartzeko. Aurten, berrikuntzekin datoz, espazioaren helburu nagusietako bat indartzera begira: «nerabeek parte-hartu eta iritzia ematea, ez bakarrik egin nahi dituzten ekintzen inguruan, baita espazioaren beraren inguruan ere», adierazi dute Gaztelekuko hezitzaileek. Kurtso berrirako prest daude bertako kideak, eta urteroko dinamikaz, erronkez eta aldaketez jardun dira Esther Navajas, Ixone Aiestaran eta Maialen Arregui, bertako hezitzaileak. 

 

Berrikuntza

Berrikuntza nagusietako bat, Gaztelekuko sarreran dagoen postontziaren erabilera aldatzea izango da. «Orain arte, gazteek ekintza berriak proposatzeko erabili izan dugu postontzia, baina aurten honen erabilera zabaldu nahi izan dugu. Nerabeek ekintzak proposatzeaz gain, gai ezberdinen inguruan galderak, kezkak edota espazioaren inguruan moldaketak proposatzeko aukera izatea da helburua. Nerabeen ahotsa entzun nahi dugu, eta beraien beharrak zein diren ezagutu; modu anonimoan ere hartu dezakete parte», azaldu du Aiestaranek. Bestalde, sare sozialen bidez ere, aukera izango dute gazteek kezkak edota ideia berriak hezitzaileekin partekatzeko, edozein ordutan mezu bat bidaliz. 

 

Kurtsoko erronkak

Badira kurtso honetarako zehaztu dituzten zenbait erronka; besteak beste, berdinen arteko harremanak zaintzea, euskara aisialdiarekin uztartzea, kulturartekotasuna sustatzea edota autonomia indartzea. Arreguik erronka hauen inguruan hitz egin du: «Badaude gai jakin batzuk kurtso honetan zehar landu nahi ditugunak. Bereziki, gazteen artean sortzen diren harremanen inguruan, berdinen arteko harremanak zaintzea lortu nahi dugu. Euskara indartzea ere erronketako bat da, eta horretan lagundu behar diegu guk, esaterako gure lehen hitza beti euskaraz izatea. Kulturartekotasuna sustatzea ere oso presente dugu, hau da, Gaztelekua denentzako zerbitzu bat bihurtzea, herriko 12-17 urte bitarteko nerabe guztientzat alegia. Azkenik, gazteek pentsaera kritikoa lantzea eta autonomia irabaztea ere badira Gaztelekuaren helburu nagusietakoak, gizarte gaitasunetan nerabeak trebetasuna irabazten joatea». Helburu hauek lortzeko, ekintza ezberdinak antolatzen dituzte hilabetero, «izan daiteke sukaldaritza tailer bat, nerabeak autonomia irabazteko, egunerokotasunean baliagarri izango zaiena eta beharrezkoa dena», gaineratu du Aiestaranek.

 

Aisialdia era hezitzailean

Gaztelekua Hernaniko udaleko zerbitzu bat da, 12-17 urte bitarteko nerabeentzat bideratuta dagoena. Helburua, aisialdiaz era hezitzaile batean gozatzea dela nabarmendu dute hezitzaileek: «Gaztelekua zerbitzuak, herriko ekimen edo ekintza komunitarioetan parte-hartzea sustatzen du, nerabeei iritzia eman eta beraien presentziari garrantzia ematen laguntzeko». Horretarako, nerabeen gustuak eta zaletasunak kontuan edukitzen dituzte, beti ere, era hezitzaile batetara bideratuz. «Adibidez, kosta jumpera joateak ez du apartekorik, baina asko eman dezake, talde giroa sortzen da eta gazteak elkar ezagutzeko aukera dute, guztiak batera zerbait egiteko aukera izaten da», gaineratu du Navajasek. Hezitzaile taldeak, gazteen erreferentziazko helduak bilatzea ere badu xede «epaituak sentitu gabe,  beraien bizipenak, kezkak eta hausnarketak partekatzeko aukera izan dezaten».  

 

Iraila-urriko ekintzak

Hilabetero Gaztelekuko ekintza nagusiak biltzen dituen egitaraua osatzen da, fisikoki zein birtualki ikusgarri egoten dena. Egitaraua Gaztelekuko lokalaren sarrera ondoan dagoen panelean, Gazteleku barruan, eta Hernaniko institutuan eta Aratz ikastolan aurkitu daiteke. Instagram eta twitter-eko perfilen bidez edota whatsApp-eko difusio taldetik ere zabaltzen dute informazioa.  

Irailerako egunero ekintza ezberdin bat antolatu dute, nerabeek Gaztelekua ezagutu, bertan dagoen materiala ikusi, eta datozen hilabeteetan hurbildu ezkero, zer egin daitekeen argi eduki dezaten. Ekintza bereziak ere antolatzen dira, konpromiso maila bat eskatzen dutenak, eta egitarauan izartxo batekin markatuta agertzen direnak. Ekintza hauetan parte hartzeko ezinbestekoa da guraso edo tutoreen izen-emate orria betetzea. Ekintzaren aurretik izena eman behar da, Gaztelekuan bertan egin daiteke hau, eta 5 euroko fidantza bat ere eskatuko da, behin ekintzara azalduz gero bueltatu egingo dena. 

«Gazte askok hasieran ez dakite zein den Gaztelekuaren dinamika, horregatik hasieran behintzat, eta lehen hileko honetan, egunero ekintza bat jartzea adostu dugu. Urriko egitarauan grisez markatutako egunak bere funtzioa bete dezaten, hau da, behin funtzionamendua zein den eta eskura duten materiala jakinda, egun libreak eduki ahal izateko, ekintza finko baten beharra eduki gabe», azaldu du Navajasek.

Iraila-urrian zehar, zenbait ekintza berezi antolatu dituzte. Irailaren 24an eta 28an, brownie tailerra eta Costa jump, eta urrian zehar: 5ean hondartzara irteera, 19an zinemara irteera, 26an sukaldaritza beldurgarria eta 27an ihes gela.  

Behin irekiera festa eginda, Gaztelekua irekita egongo da asteartetik ostegunera arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara bitarte, eta ostirala, larunbata eta igandetan arratsaldeko 16:30etatik 20:30etara. Ekintza bereziek ordutegi berezia izaten dute, eta lehenago abisatzen da. 

Informazio gehiago nahi izanez gero, Gaztelekuarekin harremanetan jarri daiteke, telefonoa zenbakira deitu edo whatsApp-era idatziz: 943 57 54 35 / 688 82 34 20. E-posta: gaztelekua@hernani.eus. Sare sozialak @hgaztelekua edota Gaztelekura bertara hurbilduz: Ariztizabal kalea 5, behea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!