Ez dute hutsik egingo Hernaniko erraldoi eta buruhaundiek, beste urte batez, Euskal Jaietan. Bihar eguerdiko 12:15etan abiatuko da Herburu konpartsa kalez kale, herritarrak dantzan eta saltoka jartzeko gogoz.
Baina bi sorpresa prestatu dituzte biharko kale bueltarako. Batetik, Antiguako erraldoien bisita jasoko dute hernaniarrek, eta Herburukoekin batera ibiliko dira kalejiran.
Eta bestetik, bi erraldoi berri aurkeztuko ditu Herburuk berak, Euskal Jaietan. Azaldu dutenez, erraldoi horiek ez dira urtean zehar orain arteko lauekin batera arituko: «bi erraldoiak eskuratu ditu Herburuk, herriko auzoetako jaietan erabiltzeko. Asmoa da auzo elkarteekin eta auzotarrekin elkarlanean aritzea, herri kultura hau auzoetara ere zabaltzeko. Auzoetako buruhaundiekin batera, erraldoi hauek erabili eta dantzan jarri ahal izango dituzte auzoetako jai batzordeek, Herburuko kideen laguntzaz», azaldu dute.
Aurkezpen kale buelta bihar eguerdian egingo dute, Herburuko ohiko lau erraldoiekin eta Antiguako biekin batera. Hortaz, zortzi erraldoi ibiliko dira Hernaniko kaleetan.