Aurrenekoz egingo dute Itsaspeko Zinemaren Zikloa Hernanin, datozen hiru astearteetan

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 13a, 00:00

Francisco Sedano sevillarrak Filipinasen egindako argazkia, pailazo-arrain batena. Ikusgai izango da Biteriko erakusketan.

Biterin izango dira emanaldiak, irailaren 17an eta 24an, eta urriaren 1ean, arratsaldeko 19:00etan. Gainera, erakusketa jarriko dute hiru astez.

 
 

Hernanira iritsiko da CIMASUB, Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Jaialdia, aurrenekoz. Datozen hiru astearteetan egingo dute, irailaren 17an eta 24n, eta urriaren 1ean, Biteri kultur etxean. Horrela, herritarrek aukera izango dute «itsaspeko edertasuna esploratzeko eta ozeanoaren sekretuak ezagutzeko».

1975ean sortu zuen CIMASUB zikloa Real Sociedad Itsaspekoak elkarteak, eta 48garren edizioa izango du aurtengoa Donostian, azaroan. Baina horren aurretik, estreinakoz egingo dute Itsaspeko Zinemaren Zikloa Hernanin.

 

Doako emanaldiak, itsaspeko mundua ezagutzeko

Mundu mailan erreferente bilakatu da CIMASUB, eta bere emanaldiez, erakusketez eta hezkuntza-jarduerez gozatzeko aukera izango dute hernaniarrek. Datozen hiru astearteetan, ekitaldi bana egingo dute Biterin, arratsaldeko 19:00etan hasita. Doakoa eta librea izango da sarrera, saio guztietan, eta gonbitea luzatu diete herritar guztiei, «munduko argazkilari eta bideografo onenak biltzen dituen esperientzia paregabe honekin bat egin dezaten».

Saio horietan, eskainiko dute «artista horiek itsasoarekiko duten grina islatzen duten lan zinematografikoen sorta bat. Beren artearen bidez, erakusten dute ozeanoaren edertasuna eta degradazio larria, eta azpimarratzen dute gizateriak lurrean bizirauteko ezinbestekoa duen ekosistemari egiten dion presioa». Guztira, 23 film labur eta hiru dokumental izango dira.

Baina emanaldiez gain, urpeko argazkien erakusketa ere jarriko dute Biterin bertan, irailaren 16tik urriaren 4ra. Bertan, bisitariak murgilduko dira «itsas hondo misteriotsuan, eta gizateriaren eta naturaren arteko harreman konplexuan». Azaldu dutenez, mundu osotik 500 argazki baino gehiago jaso dituzte aurten, eta horien artean 24 onenak aukeratu dituzte, erakusketa osatzeko.

Beste hitzordu garrantzitsu bat ere izango du zikloak, gaztetxoei zuzendutakoa: Itsaspeko Txikizikloa egingo dute urriaren 1ean, goizeko 10:00etan; eta ikaslez beteko da Biteri. Guztira, Lehen Hezkuntzako 100 bat ikaslek hartuko dute parte, 10 eta 12 urte bitartekoak. Horrekin, «ozeanoen kontserbazioa sustatu» nahi dute ikasleen artean, eta kontzientziatu nahi dituzte «ingurumena zaintzearen garrantziaz, kontsumo osasungarri eta arduratsuko jarrerak sustatzeaz, eta ingurune hurbila errespetatu eta zaintzeaz». Horretarako, herriko ikastetxeei material didaktikoa eman diete aldez aurretik, ikasgelan lantzeko; eta urriaren 1eko ekitaldi horretan, itsaspeko film laburrak eta azalpenak eskainiko dizkiete.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!