Zero Zabor ziurtagiria duen Euskal Herriko herri bakanetakoa da Hernani, eta hori dela eta, erreferentziazkoa bilakatu da Europako beste hainbat tokitan ere. Asteartean Portugalgo hainbat udal, mankomunitate eta enpresa pribatutako ordezkarien bisita jaso zuen Hernanik. Azken urteotan egin den antzeko hirugarren bisita da.
55 lagun izan ziren bisitan, eta Hernaniko hondakinen kudeaketa ezagutu zuten bertatik bertara. Besteak beste, hondakinak biltzeko atez ateko sistemaren nondik norakoak ezagutu zituzten, eta horiek sortu zuten jakinminik haundiena. Horrez gain, auzo konpostako etxolak, autokonponketa tailerra, zero zabor hozkailua, olio erabilia jasotzeko makina, minipuntuak eta hondakinen gela bisitatu zituzten. Bisita horretan laguntzaile izan zituzten Xabier Lertxundi alkatea, Ainara Atorrasagasti Ingurumen zinegotzia eta Olatz Urrutibeaskoa Ingurumen teknikaria.
Bisitarien artean izan ziren Alentejo, Alenquer, Guimaraes, Ourique, Silves eta beste hainbat herritako udal ordezkari eta teknikariak.
Bisitaren harira, Udalak nabarmendu du «hondakinen bilketan daturik onenetakoak dituen herrietako bat» dela Hernani: «Aipagarria da biztanleko errefuxaren edo gainerako frakzioaren sorkuntza bajua, biztanleko 62,99 kilo urtean, 2020ko datuen arabera. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako batazbesteko datua da biztanleko 251,81 kilo urtean. Batazbestekoa baino %75 txikiagoa da Hernanikoa».
Bisita horretan bertan, Garbitania Zero Zabor enpresa ere ezagutu zuten Portugalgo bisitariek. Hondakinen bilketaz eta kudeaketaz arduratzen den enpresa publikoaren partaide da Hernaniko Udala, Astigarragako eta Usurbilgo udalekin batera.