2024-2025 ikasturtea hasi den honetan, Hernanin euskera ikasi edo hobetzeko dagoen eskaintzaren berri eman dute Udalak, Udal Euskaltegiak, Hernaniko AEKk eta Dobera Euskara Elkarteak. Axier Mingo Euskara zinegotziak, «hernaniarrak euskera ikasi eta hobetzera» animatu ditu aurten ere, eta horretarako, herrian «aukera aproposak» izateaz gain, «erraztasunak gero eta gehiago» direla ekarri du gogora.
Euskera ikastea «edonoren esku» dago gaur egun. Hernaniko bi euskaltegietan (Hernaniko Udal Euskaltegia eta Hernaniko AEK) matrikulazio epea irekita dago hilaren 20a arte. Biek egiten dute ikasmaila eskaintza zabala, «ikasleen beharretara egokitua». Joan den ikasturtean, C1 maila prezio murriztuan ikasteko aukera eskaini zuen Eusko Jaurlaritzak, HABEren bidez, eta asko haunditu zen ikasle kopurua: 95 hernaniarrek baliatu zuten aukera. Aurten ere, 16 eta 18 urteko gazteek C1 maila prezio murriztuan egiteko aukera izango dute herriko bi euskaltegietan (eskola ordua, 0,20 euroan).
Aurten, gainera, A1 maila ere prezio berezian egiteko aukera izango da, HABEren laguntzari esker. Eskola ordua 0,60 euro ordainduko du ikasleak. «Dirua ez da euskera ikasteko aitzakia izango», azaldu du Eli Insaustik, Udal Euskaltegiko zuzendariak.
Euskera guztiontzat izatea helburu
Insaustik azpimarratu duenez, «euskera guztiontzat» izatea da helburua, eta «horretarako prestatuta dagoen lantaldea» dauka Udal Euskaltegiak. Udal Euskaltegia baliabide materialen aldetik «ongi hornituta» dagoela azpimarratu du Insaustik, eta tutoretza orduak izatea ere «asko eskertzen dute ikasleek».
Garazi Redondok, Hernaniko AEKko irakasleak, azpimarratu du «euskaltegiak betetzeko garaia» dela, eta eskaintza aurreko urteko ildo beretik joango. Zilegi Eskolarekin jarraituko dutela ere azaldu du Redondok, «askotariko gaiei buruzko ikastaroen bidez ikasleak eta herritarrak euskeraz nahasteko eta euskeraz eroso aritzeko. Gustora aritzeko tresnak eskaintzen ditugu», nabarmendu du.
Hernaniko Udalak dirulaguntzak emango dizkie herritar guztiei. Axier Mingo Euskara zinegotziak gogora ekarri du, Udalak dirulaguntza propioak dauzkala euskera ikasleentzako, eta ikasturte honetan ere laguntza horiek bere horretan mantenduko dituela. «Udalak ahalik eta erraztasun haundienak eman nahi dizkie hernaniarrei euskera ikasi eta hobetzeko, gure herria gero eta euskaldunagoa izan dadin».
Honela, Hernanin erroldatuta dauden herritar guztiei matrikularen %70a ordainduko die Udalak, eta hainbat kasutan, baita %90a ere: ikasleak, langabetuak, erretiratuak eta desgaitasunak dituzten herritarrak. Ikastaro trinkoak edota barnetegiak egiten dituzten herritarrek jasoko duten laguntza are haundiagoa da: %75a kasu guztietan; eta %100 kasu zehatzetan.
Laguntza eskaerak urte osoan zehar egin daitezke, udaletxeko Herritarren Harrera Zerbitzuaren bidez (HHZ). Udalak laguntza bi zatitan ematen dio ikasle bakoitzari: lehenengo hiruhilekoa bukatu ondoren, eta ikasturtearen bukaeran.
Mintzalaguna, euskera praktikatuz hobetzeko
Urrian, bestalde, Mintzalaguna programa jarriko du martxan Dobera Euskara Elkarteak, Euskaltzaleon Topagunearekin elkarlanean. Markel Oiarzabal Doberako kideak azaldu duenez, Mintzalagunak batzen ditu «euskeraz dakienaren eskuzabaltasuna eta praktikatu nahi duenaren gogoa eta aukera, euskera hobetzeko espazioak sortuz».
Borondatezko ekimena denez, orain aukera hori zabaldu diete euskeraz aritzeko ohitura dutenei eta praktikatzeko gogoa dutenei. Hain juxtu, atzotik dute horretarako aukera, Dobera Euskara Elkartera hurbilduta. Batez ere euskal hiztunei dei egin die Oiarzabalek, «parte hartzera animatu daitezen». Kasu guztietan, informatzera hurbiltzeko gonbitea egin diete herritarrei. «Bidelagunaren papera garrantzitsua da taldeak osatzeko. Ez du irakasle papera egiten, lagundu egiten du».
«Euskera klaseetatik atera eta, egunerokoan, espazio anitzetan euskeraz aritzeko eta hobetzeko aukerak eskaintzea du helburu» Mintzalagun egitasmoak, nabarmendu dutenez.