Hernanik 13 boleibol talde izango ditu aurtengo denboraldian

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 11a, 00:00

Boleibola modan jarri da berriz ere Hernanin.

Guztira 160 neska-mutil arituko dira boleibolean eta senior mutilak Euskal Ligara itzuliko dira.

 

Hernani Kirol Elkartean 2024-25 boleibol denboraldia prestatzen hasi dira. Aurreko astean senior mutilak eta jubenil neska-mutilak hasi ziren lanean eta aste honetan falta diren taldeak itzuliko dira entrenamenduetara.

Datorren ikasturterako boleibolak talde dezente izango ditu txapelketa ezberdinetan parte hartzen, hala nola, infantil neska mailan bi talde izango dira, infantil mutiletan bat, kadete neska mailan hiru eta kadete mutiletan bi talde, jubenil neskak bi talde izango dituzte eta jubenil mutilak bat, junior neska talde bat ere izango da aurten eta azkenik senior mutilak Euskal Ligara itzuliko dira aurtengo denboraldian.

Guztira 13 taldek eta 160 neska-mutil inguruk boleibolean parte hartuko dute aurtengo denboraldian. «Hasieratik oztopoak izan ditugu, horien artean, kiroldegian behar ditugun gutxienezko orduak ez ditugulako entrenatzeko eta talde batentzako entrenatzeko lekurik ez dutelako aurreikusita, baina egoera zuzenduko delakoan gaude».

Boleibol Eskola ere izango da

Aipatu behar Boleibol Eskola ere izango dela iaz bezala eta bertan izena eman dezakete 2013an eta 2014an jaiotako neska edo mutilek. Guztira 20 plaza daude eta ostiraletan entrenatuko dute 17:00etatik 18:30etara DBH Hernaniko Gimnasioan.

Bide batez, «eskerrak eman nahi dizkiogu DBH Hernaniko zuzendaritzari, arratsaldeetan ikastetxeko gimnasioa erabiltzeko baimena izaten dugulako eta horri esker Boleibol Eskolako gazteek eta beste hiru talde infantilek entrenamenduak burutu ditzazketelako astean zehar».
Aipatutako 13 taldetatik 8, nesken taldeak dira eta 5 mutilenak. Urteroko legez, nesken taldeetan plaza gutxi geratzen dira, kasu batzuetan gehiengoak osatuta daude eta soilik infantil eta kadete talde batean geratzen dira oraindik leku bakar batzuk. Mutilen kasuan, aldiz, talde guztietan dago lekua, bereziki infantil mutiletan.

 

Bilera, bihar Biterin

Hori dela eta, boleibola egin nahi dutenek informazio bilera izango dute bihar, 19:00etan Biterin. Bestalde «administrazioa@hkeboleibola.eus e-mail bidez edo www.hkeboleibola.eus web orriaren bitartez jar zaitezkete gurekin harremanetan», diote taldeko arduradunek.
Denboraldi berriak aldaketa gehiago ere ekarri ditu, Zuzendaritza lan talde berria izango da martxan, zeina jokalarien gurasoekin osatua dagoen eta gogo eta ilusio haundiarekin dauden aurrean duten lana aurrera ateratzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!