Asteburuko Euskal Jaiak berotzeko bihar izango dira bi erremonte partidu

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 11a, 00:00

Garai bateko jolasetan aritzeko aukera izango dute gazteek.

Kiroldegiko frontoian jokatuko dira, eta larunbatean eta igandean euskal jantziek apainduta asteburu haundia espero da.

 

Datozen bi asteetan euskal kulturaren alderik tradizionalenak beteko du Hernani, Euskal Jaiekin. Bihar hasi eta irailaren 21era arte izango da zertaz gozatu bost egunez.

Euskal Jaien egun nagusiak asteburuan, hilaren 14a eta 15a izango dira, baina bihar bertan hasiko da jaia erremonte partiduekin, Hernaniko kiroldegian. Erremontea Galarretatik irten eta herriz herri dabil udan zehar. Hernaniko herrira ere badator, kiroldegiko frontoira, eta ondorengo bi partiduak iragarri dira: Gurrutxaga-Aiestaran VI.a, Arluziaga-Zubiriren aurka, eta Aldabe-Azpiroz, Ezkurra II.a-Larrañagaren aurka. 18:00etan hasiko da jaialdia eta Euskal Jaiak hasteko ez da modu makala.

Hala ere, egun haundia larunbata izango da. Baserritar arropa jantzi eta kalera irtengo dira hernaniarrak egitarau zabalaz gozatzeko. Goiz-goizetik gauera arte izango da zer ikusi, zer dastatu eta zer egin: abeltzain eta baserriko produktuen azoka; antzinako jolasak; txakolin dastaketa; herri kirolak; erraldoi eta buruhaundiak; bertsolariak; erromeria... Egun horretan, herritarrei euskal jantziak jantzita kalera ateratzeko deia egin zaie.

Biharamunean (igandea), sagarra eta sagardoa izango dira protagonista. Artisau azoka, trikitixa jaialdia, pelota partiduak eta Kukairen Euskorleans kale ikuskizuna izango dira Kaxkoan. 

Irailaren 20an eta 21ean  ere bi ekitaldi

Euskal Jaien egitarauaren barruan, irailaren 20an eta irailaren 21ean, bi ekitaldi izango dira. Hilaren 20an, ostiralean, 19:00etan, Asturiar konexioa. Asturias eta Euskal Herriko dantza eta musika emanaldia izango da, Atsegindegin. Larunbatean, 21ean, 18:00etan erromeria izango da Plaza Berrin, Oinkada taldearekin. Euria egingo balu, Udaletxeko arkupeetan egingo dute.

 

EUSKAL JAIAK

HERNANI

BIHAR

18:00 Erremontari herriz herri. Erremonte partiduak Kiroldegiko frontoian. 

IRAILAK 14 LARUNBATA
Jantzi euskal jantziak!!!
 

10:00 Abeltzain eta baserriko produktuen azoka Tilosetan.

11:00 Ahuntza jetzi eta gazta egite erakustaldia Tilosetan.

11:00 Trikitixa kaleetan 
barrena.

11:30 Antzinako jokoak 
Tilosetan, euria egingo balu, Atsegindegin.

12:00 Txakolin dastatzea 
Iturriaga kalean.

12:00 Kalez Kale Kantari Plaza Berritik hasita.

12:15 Erraldoi eta buruhaundien konpartsa.

12:30 Herri kirolak: aizkora eta harrijasotzaileak Tilosetan.

13:15 Musika Bandaren kontzertua udaletxeko arkupeetan.

17:00 Haurrentzako tailerrak, jolasak eta txokolate jatea Tilosetan.

18:00 Bertso jaialdia: Alaia Martin, Asier Azpiroz 'Azpi', Sarai Robles eta Aitor Bizkarra. Gai jartzailea: Markel 
Oiarzabal. Biteri plazan.

19:00 Trikitixa kaleetan 
barrena.

19:30 Zuttik elektrotxaranga kaleetan barrena.

23:00 Iratzar taldearen 
erromeria Tilosetan.

IRAILAK 15 IGANDEA Sagarraren eta sagardoaren eguna

09:00 Diana.

10:00 43. Pablo Lasa Artisau Azoka Tilosetan.

11:00 Sagardo dastatzea 
Gudarien plazan.

12:00 Trikitixa jaialdia 
Gudarien plazan.

12:30 Pelota partiduak (esku eta pala) Tilosetako frontoian.

19:00 Kukai eta Euskorleans dantza ikuskizun ibiltaria 
Gudarien plazatik.

IRAILAK 20 OSTIRALA

19:00 Asturiar konexioa. Asturias eta Euskal Herriko dantza eta musika emanaldia Atsegindegin.

IRAILAK 21 LARUNBATA

18:00 Erromeria Oinkada 
taldearekin Plaza Berrin. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!