Andoni Rekondo bigarren, eta 'Anatx' hirugarren, Lizardi sarian

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 10a, 00:00

Andoni Rekondo eta Andoni Mujika 'Anatx', irribarrarekin aurkezpenean.

Aitor Tatiegik lortu du txapela 266 punturekin eta 5 eta 7,5 puntura geratu dira bi hernaniarrak.

 

Andoni Rekondo eta Andoni Mujika 'Anatx' dotore aritu ziren pasa den ostiralean Bertsolari Gazteen Lizardi sariaren finalean; bigarren eta hirugarren amaitu zuten, hurrenez hurren, Zarauzko Modelo aretoan. Oñatiko Aitor Tatiegi bertsolariak jantzi zuen aurtengoan txapela, baina gertu izan zituen bi bertsolari hernaniarrak. 

Tatiegik lortu zuen puntu gehien poltxikoratzea (266) eta bost puntura sailkatu zen Rekondo, 261ekin. Anatxek, berriz, 7,5 puntura amaitu zuen, 258rekin. Ondoren sailkatu ziren Libe Goenaga getariarra (254 puntu), Iruri Altzerreka garaiarra (242 puntu) eta Araitz Katarain mallabiarra (229 puntu).  

Txapela jazteaz gain, bertsorik onenaren saria ere Tatiegik eskuratu zuen, puntu erantzunetan bota zuen bigarren bertsoagatik. Amaia Urbieta aritu zen gai jartzaile lanetan.

 

Egindako lanarekin gustura geratu ziren bi bertsolariak

Postuak postu, egindako lanarekin nahiko gustura amaitu zuten saioa bailarako bi bertsolariek. Anatxek saio borobila egin zuen, eta azpimarratzekoa izan zen 'hobbya' puntuarekin osatutako bertsoa, 'baserri dotoria' eta 'tratoria' bikain sartuta. Hamarreko txikian ere lan bikaina egin zuen, alperkeriaren gorazarre, gaiak horrela eskatuta.

Rekondok ere ale onak utzi zituen finalean, baina bakarkakoan zorigaiztoko poto bat egin zuen bakea errimarekin. Hala ere, gustura geratu zen egindako finalarekin eta umorez zera zioen behin saioa amaituta: «Bakean geratu naiz egindako lanarekin».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!