Emakumeentzako Jabetze Eskolak hamaika ikastaro eskainiko ditu udazkenean

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 10a, 00:00

Irantzu Varelak 'Lo que quede' liburua aurkeztuko du.

Izenemateak irailaren 20ra arte egin daitezke. Denetariko eskaintza dago, boxeoa tarteko.

 

Emakumeentzako hamaika Jabetze Eskola eskainiko ditu udazken honetan (urritik abendura) Kulturarteko Plaza Feministak. Izenemateko epea atzo ireki zen eta irailaren 20a arte izango dute emakumeek horretarako aukera.

Hernaniko Jabetze Eskola hausnarketarako eta formakuntzarako topagunea da. «Emakumeok gure eskubideen jabe egiteko, gure bizitzetan autonomia eta konfiantza izateko eta beste emakumeekin sarea sortzeko espazioa da».

 

Ikastaroen ordutegian haurren zaintza eskatzeko aukera

Jabetze Eskolan denetariko eskaintza izango da: Gozatzen abestu; batukada feminista; munduko emakumeen literatura; twerk ikastaroa; adinekoentzako gorputza dantzan; Abentura gaitezen elkarrekin (izenematea irailaren 13a arte); boxeo ikastaroa; adimen emozional feminista; kartel feministak egiteko tailerra; Zeure barrura begiratu eta hartu arnasa; eta Lo que quede liburuaren aurkezpena eta solasaldia Irantzu Varelarekin, urriaren 25ean. Ikastaro gehienak euskeraz izango dira, baina horietako lau gazteleraz emango dira. Haurren zaintza zerbitzua eskatzeko aukera ere egongo da. Izena ematerakoan egin
behar da eskaera.

 

Ikasturte hasiera, Leokako emanaldiarekin irailaren 20an

Jabetze Eskolen ikasturteari hasiera emateko asmoz, aurten ere Leokako labaderoan kultur ekitaldia izango da. Oraingo honetan, Danele Sarriugarteren eta Miren Narbazairen eskutik Poperra, afterra, utopia emanaldiaz gozatzeko aukera izango da, dohainik.

Irailaren 20an (ostirala) izango da emanaldia. Egun horretan euria egingo balu, astebete atzeratuko litzateke emanaldia.

 

Maitasunaren kapital feministaz, ikastaroa

Jabetze Eskolaz gain, udazken honetan beste ikastaro bat ere izango da Kulturarteko Plaza Feministan, literaturarekin lotura estua izango duena. Iratxe Retolazak (euskeraz) eta Maider Kery Avaristok (gazteleraz) hiru saiotan Maitasunaren kapital feministaz gogoeta eta hausnarketa egitera gonbidatuko dute.

Tailer honetan parte hartzeko izen-ematea ere gaurtik irailaren 29a arte izango da.

Jabetze eskolez informazio gehiago eskuratu daiteke www.hernani.eus/eu/emakumeentzako-jabetze-eskola helbidean eta Maitasunaren kapital feministaz: https://www.hernani.eus/eu/tailerrak-eta-ikastaroak webgunean. 
Izeneman daiteke aurrez aurre Kulturarteko Plaza Feministan eta helbide elektronikoz kulturartekoplazafeminista@hernani.eus helbidean edo telefonoz 943 33 70 17 zenbakian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!