Eguraldi txarrari, umore ona

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 9a, 00:00

Konexio polita izan zuen Aurrera dantza taldeak, Zikuñagako publikoarekin.

Ez zen izan amestutako eguraldia atzokoa, jaien azkeneko egunean, Zikuñagan eta Latsunbeberri-Marielutsen. Babesera mugitu behar izan zituzten aire libreko ekintzak, baina umore onarekin erantzun zioten euriari. Zikuñagan, eskoletako aterpean egin zuten Ama Birjinaren omenezko meza; eta oholtzan nahikoa toki ez izan arren, saio ederra eskaini zuten Leitzako Aurrera taldeko dantzariek. Hala behar zuen, auzotarren animo oihu eta txalo zaparradekin jaso zuten berotasunarekin! Konexio polita erakutsi zuten dantzariek eta publikoak.

Latsunbeberri-Marielutseko hiru tortilla onenen egileak, erdian, epaimahaikideekin batera.
Xelebre xamarra izan zen sari banaketa ekitaldia...
 

Latsunben, berriz, bertsoek, patata tortillek eta sagardoak jarri zioten kolorea goiz grixari. Emiliorena izan zen tortillarik onena lehiaketan, aurkezleak gogotik mareatu zuen arren... Bi aldiz deitu zuen hirugarren sariaren bila, berea sari potoloena zen arren. Despisteak ere lagundu zuen umorea pizten, eta zirikatzeko aukerarik ez zuten galdu Iker Ormazabal 'Tturko' eta Ekain Tolaretxipi bertsolariek. Esku pelotariek ere jaso zituzten sariak bertan. Aurtengoan, Aner eta Xuban nagusitu dira alebinetan, eta Aitor eta Unax infantiletan. Eta bertso eta sari kontuak bukatuta, sagardoa txanda librean.

Erlazionatuak

Zikuñagako Jaiak - Irailak 8

Kronika - Erredakzioa ira 08 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!