Kalkulu guztiak argitu ditu Urrizaren garaipen sendoak

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 9a, 00:00

Juanenea txapelketatik kanpo geratu da, Ansak semifinala jokatuko du ziur, eta Barrenetxeak 27 tanto behar ditu azkeneko partiduan, iruindarrari finalerako txartel zuzena kentzeko.

Bukatu ditu bere lanak Javier Urrizak, ondo bukatu ere, Buruz Buruko Txapelketaren ligaxkan. Iruindarrak 30-15 menderatu zuen Aritz Juanenea larunbatean, eta kalkulu guztiak argitu ditu. Une honetan bera dago sailkapenaren buru, 10 punturekin; eta Endika Barrenetxeak 27 tanto egin beharko ditu azkeneko partiduan, Urrizari finalerako txartel zuzena kentzeko.

Imanol Ansaren kontra jokatuko du azkeneko partidu hori hernaniarrak, datorren larunbatean. Urnietarrak ez dauka ezer jokoan orain, semifinaletan izango baita ziur, Urrizaren edo Barrenetxearen kontra. Izan ere, Juanenea txapelketatik kanpo geratu da herenegungo porrotarekin (puntu bakarra dauka sailkapenean), eta Urriza gainditzeko aukerarik ere ez dauka Ansak, hiru punturekin baitago.

18-1eko partziala Urrizak, Juanenea menderatzeko

Bi zati oso desberdin izan zituen larunbateko partiduak, Galarretan. Aurrenekoan, oso berdinduta aritu ziren Urriza eta Juanenea: zortzi berdinketa izan ziren markagailuan 12-12kora arte, eta bi tantoko tartea izan zen haundiena, bataren zein bestearen alde. Abantaila horixe zeukan Juaneneak (12-14), partidua erabat aldatu zenean. Hortik aurrera, jaun eta jabe izan zen Urriza. Bederatzigarren aldiz berdindu (14-14), eta ia zuzenean egin zuen 30erako bidea iruindarrak, 18-1eko partzialarekin. Bereak izan ziren azkeneko 11 tantoak.

Bigarren zati horretan hobeto aritu zen Urriza sakearekin, eta hainbat tanto lortu zituen sakea zabalera eginda. Juaneneak, berriz, nabarmen egin zuen behera, eta markagailuan zenbait tantoz atzetik izan zenean, ez zen erreakzionatzeko gai izan.

Urrizak 27 tanto egin zituen guztira, 17 peloteoan eta 10 saketik; eta lau huts. Juaneneak, aldiz, zazpi tanto egin zituen jokoan eta beste lau saketik, eta hiru huts pilatu zituen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!