Euskal Ligako lider hasi du denboraldia Hernanik, Altzarrateri 11-0 irabazita estreinako partiduan

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 9a, 00:00

Bi gol lortu zituen Paula Soroetak, Altzarrateren kontra.

Berdeek erabateko nagusitasunarekin menderatu zuten talde laudiotarra, Zubipen. Hiru gol lortu zituen Garazi Lizarragak, denak aurreneko zatian; eta bina Paula Soroetak, Enire Beainek eta Cesia Sotok.

Denboraldiari ondo ekitea beti da garrantzitsua, baina koxka bat gorago dago Hernanik larunbatean egin zuena, Euskal Ligako estreinako partiduan: 11-0 menderatu zuen Altzarrate, Zubipen. Hori horrela, talde berdea da Euskal Ligako aurreneko liderra, beste inork ez baitu halako alderik lortu, ezta antzekorik ere.

Euskal Ligan talde berria da laudiotarra, baina ez zuten ezustekorik nahi hernaniarrek, eta hasieratik nagusitu ziren jokoan. Baita markagailuan aurrea hartu ere, hasi eta gutxira: Garazi Lizarragak sartu zuen estreinako gola, 8garren minutuan. Berdeen baloi jabetza erabatekoa izan zen, baina arabarren atezainaren akats bat baliatuta lortu zuen bigarren gola Paula Soroetak, presio bikaina eginez. Hortik aurrera, gol festa etengabea izan zen berdeentzat. Atsedenaldira iristerako, hat-tricka lortua zuen Lizarragak, hiru golekin. Eta atsedenetik bueltan, beste zazpi sartu zituzten hernaniarrek: Elene Lujambiok aurrena, Soroetak bere bigarrena gero, Enire Beainek bi gol segidan hiru minutuko tartean, Maria Gallegok beste bat 87an, eta Cesia Sotok bi gol sartu zituen azkeneko minutuetan, soilik 20 minutu jokatu zituen arren.

Erlazionatuak

Hernani 11-0 Altzarrate (Euskal Liga)

Kronika - Erredakzioa ira 08 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!