Zikuñagako ermita eta Latsunbeko pista, jaien azkeneko trakaren eszenatoki

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 8a, 00:00

Jende asko erakarri zuen sagardo dastaketak, ohi bezala, Zikuñagara. Latsunbeko pistan egingo dute dastaketa gaur.

Festen azkeneko txanpan ere izango da zerekin gozatu, bai Latsunbeberri-Marielutsen eta bai Zikuñagan, jaien bukaerako suziria bota aurretik.

 

Gaurkoa izango dute jaien azkeneko eguna, Zikuñagan eta Latsunbeberri-Marielutsen. Egun erdiko plana osatu dute bietan, baina ez nolanahikoa.

Atzoko ajearentzat erremediorik onena izango dute Latsunbeberri-Marielutsen, patata tortilla lehiaketarekin hasiko baitute eguna. Tipularekin ala tipularik gabe, hori bakoitzaren esku; baina 11:00ak eta 12:00ak bitartean entregatu beharko da norberak egiten dakien tortillarik onena, pistako txosnan. Patata azalak garbitu ondoren, esku pelotako finalak ikustea onena, epaimahaikideen berediktuaren zain. 

Pelotariek ez ezik, eguerdia girotuko dute Iker Ormazabal 'Tturko' eta Ekain Tolaretxipi bertsolariek ere, eta trikitilariek hartuko diete erreleboa gero, eguneko zita jendetsuenarekin batera: sagardo dastaketa egingo dute, eta 10 sagardotegi izango dira presente. Horrekin emango diete errematea aurtengo festei.

 

Zikuñagako Ama Birjinaren egunean, festa ermitan

Ohikoak izaten dira jaietan, bai sagardo dastaketa, eta baita tortilla lehiaketa ere. Biak ala biak egin zituzten atzokoan Zikuñagan, eta jende asko erakarri zuten auzora eguerdian. Lehiaketak izan zuen partehartze polita, 13 tortilla aurkeztu baitzituzten. Inesena izan zen denetan onena, baina haren bilobak jaso zuen saria. Batek lana, eta besteak fama...

Kontuak kontu, auzoaren erdigunean ez, toki berezi batean ospatuko dute jaien azkeneko eguna: Zikuñagako ermitan, Ama Birjinaren eguna baita gaurkoa, irailaren 8a. Festa ederra prestatu dute bertan, beste behin. Zaindariaren omenezko meza egingo dute aurrena, Ereñotzuko Ozenki abesbatzaren partehartzearekin. Ondoren, emanaldia eskainiko du Leitzako Aurrera dantza taldeak. Eta azkenik, herri kirol erakustaldia izango da: Itsaso Treku eta Haritz Aranguren harrijasotzaileak, eta Aitor Saralegi, Oier Mitxele­na, Maika Ariztegi eta Malen Ba­rre­netxea aizkolariak. Eguna bo­ro­biltzeko ere prestatu dute plan majoa, paella-jate herrikoia egin­go baitute eskoletan.

 

ZIKUÑAGAKO JAIAK

GAUR, igandea

10:00, Zikuñagako Amaren omenezko meza ermitan.

Ondoren, Ozenki abesbatza.

11:30, Aurrera dantza taldea, ermitan.

12:30, Aldapan herri kirolak, ermitan. 

14:30, Paella-jate herrikoia,
eskoletan. 

Ondoren, Traka eta jaien amaiera.

 

LATSUNBEBERRI-MARIELUTSEKO JAIAK

GAUR, igandea

11:00-12:00, Patata tortilla lehiaketa. Tortilla balio anitzeko pistako txosnan entregatu beharko da.

11:00-12:30, Iturritxo Elkartearen 10garren esku pelota txapelketaren finalak. 

11:00-13:00, Eskulan tailerra elkartearen lokalean. Derrigorrezkoa da izena ematea, eta oinarriak aurkeztuko dira.

12:00-12:30, Patata tortillen balorazioa eta sari banaketa.

12:00, Bertsolariak, pistako oholtzan: Iker Ormazabal 'Tturko' eta Ekain Tolaretxipi.

12:30-13:30, Trikitilariak.

12:30-13:30, Sagardo dastaketa, balio anitzeko pistan. 

14:00, Jaiei bukaera emango dien suziriaren jaurtiketa.

Erlazionatuak

Zikuñagako Jaiak - Irailak 7

Kronika - Erredakzioa ira 07 Hernani

Zikuñagako Jaiak - Irailak 6

Kronika - Erredakzioa ira 07 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!