Bihar bueltatuko dira Plazara Hernaniko jubilatu eta pentsiodunak

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 8a, 00:00

Eguerdiko 12:00etan jarri dute hitzordua, pentsioen defentsa eta horien inguruko aldarrikapenak egiteko.

 

Ez dute etsiko pentsioen defentsan, ezta horien gaineko aldarrikapenetan ere. «Batak ala besteak gobernatu, pentsioak defendatu egin behar ditugu». Horixe adierazi dute Hernaniko jubilatuek eta pentsiodunek, ozen, duela sei urte baino gehiago hasi eta astelehenero egin dituzten elkarretaratzeetan.

Eta horretan jarraituko dute ikasturte berrian ere. Bihar bertan itzuliko dira Plazara, eta eguerdiko 12:00etan jarri dute hitzordua, udaletxeko arkupeetan. Ohi bezala, batzarra egingo dute bertan, aurrena; eta Kaxkoan barrena manifestazioa egingo dute ondoren. Parte hartu nahi duten herritar guztiei luzatu diete bertaratzeko deia.

«Behin eta berriz esan dugu foro publiko irekia eta partehartzailea dela hau, eta bertan proposatzen direla ekintzak eta eztabaidak, jubilazioaren egoeratik eta ezaugarrietatik eratorritako interesak defendatzeko. Ez dute aintzat hartzen hain zabala den sektore bat, jubilatu eta erretiratuena, ez baitute sektore produktibo gisa hartzen. Horri gehitu behar zaizkio administrazio txarrak, beste interes batzuekin, eragindako zailtasunak; eta kasu askotan, baita errespetu faltak ere, ohikoak izaten jarraitzen dutenak», adierazi dute. Horren aurrean, deia luzatu diete herritar guztiei, pentsio duinen aldeko borrokan jarraitzeko.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!