Liburu eta Disko Azokak, 4. edizioa irailaren 28an

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 7a, 00:00

Pasa den urteko azokara jende asko hurbildu zen.

Dobera Euskara Elkartearen eskutik egingo da eta euskarazko lanak bakarrik egongo dira ikusgai Atsegindegin egun osoan zehar.

Laugarren edizioa izango du aurten Hernaniko Liburu eta Disko Azokak. Irailaren 28an ospatuko da Hernaniko Atsegindegi plazan, eta zabalik dago postua jartzeko izenematea. Dobera Euskara Elkarteak antolatzen duen egitasmo honek, Euskal Herriko liburugintzaren eta musikagintzaren ekoizpena ezagutzera ematea, eta Euskal kultura sustatu eta indartzea du helburu; beraz, euskarazko lanak bakarrik egongo dira ikusgai.

Postua jartzeko aukera zabalik egongo da irailaren 6ra arte, eta apuntatzeko Doberaren webgunera jo beharko da: dobera.eus/liburuetadiskoazoka. Bertan dagoen estekan klikatu eta formulario bat bete beharko da. Postua jartzea doakoa da, eta ez du inolako kosturik. Bestalde, bertaratzerik ezin dutenek, baina parte hartu nahi dutenek, azokan parte hartzeko aukera izango dute. Produktuak ekarrita, postua Doberako kideek osatuko dute, eta salmenten %40 ordaindu beharko zaio elkarteari. 

Argitaletxe, ekoizle edo argitaratzaile bakoitzak gehienez bi mahai jarri ahal izango ditu. Postuak nahi bezala atondu daitezke, beti ere erabiltzen den hizkuntza euskara delarik. Postuen kokapena zozketa bidez egingo da. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!