Helburuak finkatu dituzte traineruek

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 7a, 00:00

Hernaniko eta Astigarragako arraunlariek Kontxako bigarren jardunaldia izango dute bihar.

Kontxako Banderaren bigarren jardunaldia jokatuko da bihar Donostiako uretan. 11:00etan irtengo da nesken lehendabiziko txanda eta 12:00etan hartuko dute erreleboa mutilek. Txandak lehendabiziko jardunaldiko sailkapenaren arabera osatzen dira. Postuak hobetzea izango da traineru askoren helburua. 

Honela, 11:00etan irtengo dira Astillero, Chapela, Hibaika eta Kaiku. Hibaikako ontzian arituko da Nora Urbe hernaniarra zazpigarren postua mantentzeko helburuarekin. Bigarren txanda Arraun, Orio, Tolosaldea eta Donostiarra ontziek osatzen dute. Lehia estua espero da bigarren postuaren borrokan, Eider Barbaren Orioren eta Jone Pastorren Tolosaldearen artean.

Donostiarrak bigarren postua nahi du, Zierbenarekin lehian

Mutilen estropadan 12:00etan, Cabo, Getaria, Kaiku eta Hondarribia irtengo dira bailarako arraunlaririk gabe, baina ohorezko txandan, 12:30etatik aurrera izango dira bailarako Xabat Pastor, Iker Imaz, Jon Iruretagoiena, Ander Balda, Unai Loyarte, eta Markel Zapiain. Denak ere Donostiarra klubeko partaide dira. Bermeo, Zierbena eta Orio izango dituzte aurkari eta lehendabiziko jardunaldian hirugarren izan ziren Bermeorengandik 15 segundura eta Zierbenaren atzetik, segundu bakarrera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!