Latsunbeberriko-Marielutseko jaia ekitaldiz josita dator

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 7a, 00:00

Mahai tenis txapelketa aurten, gaurko egunez, tenis pistan jokatuko da.

Azken urteetan izan duen harrera ona ikusita, aurten ere egitaraua errepikatu dute. Atzo hasi ziren jaiak, eta bihar eguerdira arte luzatuko dira, adin guztietarako ekintzekin: paella-jatea, jolasak, bingoa, sagardo dastaketa...

 

Zikuñagako auzoan bakarrik ez, Latsunbeberri eta Marieluts auzoetan ere jaiak atzo hasi ziren eta bihar eguerdira arte iraungo dute. Urtero bezala egitarau potoloa antolatu dute Iturritxo auzo elkarteko kideek. Ikasle askorentzat, azkeneko opor egunak dituzte hauek, kurtso berriari ekin aurretik eta zapore gozoenarekin amaitu nahiko dituzte.

Atzo hasi ziren festak, eta bihar arte luzatuko dira, balio anitzeko pista erdigune dutela. Menua, berriz, errepikatu egingo dute. Ongi funtzionatzen duena ez omen da ukitu behar eta filosofia horrekin jarraitzen dute antolatzaileek. Hala ere, gauzak gehitu dituzte eta programa potoloa prestatu dute hiru egunetarako. 

 

Ipuin kontaketa, aerorumba saioa eta sardin-jatea atzo

Apaxi kontalariaren ipuinak eman zion hasiera programari, suziria bota eta gero. Familian, exerita eta adi-adi; baina gorputza mugitu behar izan zuten ondoren, Jenny Perlazak markatutako erritmoari segika, aerorumba saioan. Jan-edanerako ere, primerako aukera izan zuten, sardin-jatearekin, Radio Rebelde musika taldearen emanaldiak girotzen zuen bitartean; eta DJ Mikeltxi arduratu zen estreinako gaua luzatzeaz, ordu txikietara arte.

  

Pelota, toka, ping pong txapelketak, paella-jatea, jolas sorpresa eta bingoa, larunbaterako plana

Hernaniko esku pelotari gaztetxoak izango dira aurreneko protagonistak, goizeko 10:30etan hasita: Iturritxo Elkartea Txapelketaren kanporaketak jokatuko dituzte gaur goizean. CD Hernaniko 16 pelotari ariko dira, eskuz binaka, alebin eta infantil mailetakoak; eta semifinaletan ekingo diote. Euria eginez gero, kiroldegiko frontoian jokatuko dute. 

Atzo hasi ziren auzoko jaiak txupinazoarekin, ipuin kontaketarekin, aerorunbarekin, sardin janarekin eta Radio Rebelde eta DJ Mikeltxinen musikarekin.

Pelota partiduen ondoren, auzoa alaitzeko, buruhaundiak eta trikitilariak aterako dira kalera, baita Tximeletak txaranga ere. Eta eguraldiak markatuko du bazkalordura bitarteko bidea, gaztetxoentzat: apar festa dago aurreikusita, baina eguraldi txarrarekin ezingo dute egin.

Paella-jatearen alde egin dute aurtengo jaietan ere, larunbateko bazkarirako; eta ohi bezala, aurreratu dute prezio merkean izango direla eskuragarri txartelak. Gainera, bero-beroa izango da giroa: jolas sorpresa egingo dute, eta baita bingoa ere.

Arratsaldean, berriz, haurrentzako jolasak eta txapelketak izango dira gozagarri. 17:00etan hasiko da ping-pong txapelketa, eta 18:30etan toka txapelketa. Azkeneko horretarako, 2 euroan eman behar da izena, eta sari potoloa jasoko du irabazleak: izenemateekin bildutako diruaren erdia. Ondoren, txokolatadaz gozatuko dute auzotarrek.

Bihar amaituko dira jaiak patata tortilla txapelketarekin eta sagardo dastaketarekin. Bertsolariak, trikitixa, eskulan tailerra eta esku pelotako finalak ere izango dira eguerdian zehar.

Eta hortik aurrera, musika izango da protagonista, DJ Nemuxek ez baitu hutsik egingo: saio luzea eskainiko du, iluntze­ko 20:30etatik goizaldeko 02:00etara. Bitarte horretan, bingo herrikoia eta zezensuzkoa izango dira; eta afaltzeko etxeratu beharrik ere ez daukate herritarrek: edariak, ogitartekoak eta pintxoak izango dira uneoro txosnan, jai batzordeari ekonomikoki laguntzeko, festen antolaketari aurre egiten.

 

Patata tortilla lehiaketa, sagardo dastaketa eta pelota txapelketaren finalak, bihar

Bihar eguerdiko 14:00etan bukatuko dira Latsunbeberri eta Marielutseko festak, eta goizeko 11:00etan hasiko dira ekintzak. Jaien azkeneko hiru orduak izango dira, beraz... Baina ez dira nolanahikoak izango hiru ordu horiek.

Zita hirukoitzarekin hasiko dute eguna 11:00etan, adin eta gustu guztietarako ekintzekin. Batetik, 11:00etan hasiko dira Iturritxo Elkartea esku pelota txapelketaren finalak, gaurko kanporaketetan sailkatu diren gaztetxoekin.

Bestetik, eskulan tailerra ere dute, Iturritxo elkartearen lokalean. Horretarako, ezinbestekoa da izena ematea, elkartean bertan, oinarriak emango baitizkiete tailerraren aurretik.

Gaur egun osoko egitaraua prestatu da adin guztientzako ekitaldiekin. CD Hernaniko pelotari gazteek pelota txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte.

Eta azkenik, patata tortilla lehiaketa izango da, ordubeteko tartean. Txosnan entregatu beharko dituzte tortillak auzotarrek, eta hiru osagai bakarrik erabili ditzakete: arrautza, patata eta tipula. Tortilla guztiak jasotakoan, 12:00etan, balorazioa egiteari ekingo dio epaimahaiak, kide «ospetsuekin»; eta ordu erdiko tartean deliberatuta, 12:30etan banatuko dituzte hiru sariak: bi lagunentzako afariak Latxunbe, Tranbia eta Karrero tabernetan.

Epaimahaikideek tortilla guztiak dastatu bitartean, bertsolariek ere egingo dute saioa, goizari umore puntua jartzeko: Ekain Tolaretxipi eta Iker Ormazabal Tturko arduratuko dira horretaz.

Eta azkenik, trikitilariek girotuta, ez du hutsik egingo sagardo dastaketak ere. Aurten, gainera, 10 sagardotegitako sagardoa izango da aukeran: Akarregi, Alberro, Altzueta, Elorrabi, Gurutzeta, Itxas-Buru, Oialume Zar, Otsua-Enea, Rufino eta Zelaia. Horrekin, eta azkeneko suzirien jaurtiketarekin, agurtuko dituzte aurtengo jaiak.

Iturritxo auzo elkartetik, auzotarrei ere dei egin die antolakuntzak behar duen laguntza emateko, esaterako zerbait mugitu behar baldin bada.

 

LATSUNBEBERRI-MARIELUTSEKO JAIAK 2024

EGITARAUA

GAUR, larunbata

10:30 Iturritxo elkartea 10garren esku-pelota txapelketa kanporaketa fasea.

11:30-12:00 Buruhaundiak eta trikitixa auzoan zehar.

12:00-13:00 Apar festa eguraldi ona egingo balu. Arropa aproposa eraman behar da. 

13:00 Tximeletak txaranga auzoan zehar.  

14:00 Paella jana gazte eta helduentzat balio anitzeko pistan, prezio merkean. Jolas sorpresa eta bingoa egongo dira. 

16:30-19:30 Puzgarriak eta ohe elastikoak balio anitzeko pistan. 

17:00 Ping pong txapelketa tenis pistan.

18:30 Toka txapelketa helduentzat balio anitzeko pistan, izenematea 2 euro. Irabazleak izenematearekin bildutako diru kopuruaren erdia irabaziko du.

19:30 Txokolatada balio anitzeko pistan.

20:30-02:00 Musika DJ NEMUXen eskutik nalio anitzeko pistan.

23:00 Bingo herrikoia.

24:00 Zezen suzkoa.

Bihar, igandea

11:00-12:00 Patata tortilla lehiaketa. Tortilla balio anitzeko pistako txosnan entregatu beharko da.

Osagai moduan honakoak erabili daitezke: arrautza, patata eta tipula. Sariak: 2 afari Latxunbe tabernan. 2 afari Ilargi tabernan. 2 afari Karrero tabernan. 

11:00-12:30 Iturritxo elkartea 10garren esku-pelota txapelketako finalak. 

11:00-13:00 Eskulan tailerra elkartearen lokalean. Derrigorrezkoa izenematea, oinarriak aurkeztuko dira.

12:00-12:30 Patata tortilen balorazioa epaimahaikide ospetsuen eskutik eta sari banaketa.

12:00 Bertsolariak balio anitzeko oholtzan. Iker Ormazabal 'Tturko' eta Ekain Tolaretxpi.

12:30-13:30 Trikitixa giroa animatzeko.

12:30-13:30 Sagardo dastaketa, balio anitzeko pistan. Altzueta, Rufino, Akarregi, Alberro, Elorrabi, Otsuenea, Gurutzeta, Oialume Zar, Zelaia eta itxas Buru. 

14:00 Jaiei bukaera emango dion suziriaren jaurtiketa.

 

OHARRA Egun hauetan zehar edaria, bokatak eta pintxoak egongo dira Jai Batzordea festen antolaketan ekonomikoki bultzatzeko. Jai Batzordeak bertaratzen direnei elkarlana eskatzen die batez ere ekitaldietarako beharrezko materiala lekualdatzeko. Festak nahi baditugu elkarlana behar dugu.

Erlazionatuak

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!