Indarberrituta eta gogotsu ekingo diote ikasturte berriari Kulturarteko Plaza Feministako kideek. Iraila iristearekin batera martxan jarri dituzte berriro bertako ikastaroak eta jarduerak, eta egitarau ederra osatu dute hilabete honetarako.
Urteko jarduera garrantzitsuenen artean sartzen dira Jabetze Eskolak. Udazkeneko ikastaroetara apuntatzeko epea astelehenean (irailak 9) zabalduko dute, eta hilaren 20ra arte izango da aukera. Berezitasunen artean dago 'Maitasunaren kapital feministaz' gogoeta eta eztabaida saioa.
Izena emateko garaian badago salbuespen bat ere; KPFtik jakinarazi baitute 'Abentura gaitezen!' tailerrean matrikulatzeko aukera lehenxeago itxiko dutela, irailaren 13an.
Izenemate prozesua amaitzen den egunean bertan, ikasturte hasierako jaialditxo bat antolatu dute. Kokaleku berezia izango du festak: Leoka labaderoa. Bertan Danele Sarriugartek eta Miren Narbaizak 'Poperra, afterra, utopia' emanaldia eskainiko dute, gaueko 22:00etan hasita.
Euskara erakutsi nahi dutenentzat bilera, 17an
Irailaren 17an aurkezpen bilera bat antolatu du Amherrek, Hernanira etorri berriei euskara erakusteko prest dauden bolondresentzat. Arratsaldeko 18:30etan jarri dute hitzordua, eta bertan emango dituzte ikasturteari buruzko xehetasunak.
Gainontzean, jarduera ugari prestatu ditu Amherrek irailerako. Merkatopaketarekin hasi zuten hilabetea, eta hiru jarduera gehiago egingo dituzte: emakumeentzako topaketa (irailak 9), etxeko langileentzako trebakuntza eskolako saioa (irailak 16) eta ibilaldia (irailak 27).
Erakusketa, 12tik aurrera
Oikocrediten 'Garapen positiboa. Hegoaldeko pertsona pobretuei beste begirada bat' erakusketa ikusgai egongo da 12tik 29ra.