Tortilla eta sagardo artean hasiko dute Zikuñagako Jaietako bigarren eguna

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 7a, 00:00

Jendetsua izaten da Zikuñagako Jaietako sagardo dastaketa.

Atzoko txupinazoaren ondoren festa betean murgilduta daude Zikuñagako bizilagunak. Gaur egun haundia dute aurretik; 12:00etan hasiko dira jarduerak, eta goizaldera arte luzatuko da askoren parranda. Tortilla txapelketa eta sagardo dastaketa izango dira jarduera jendetsuenak. 

Indartsu hasi zituzten atzo arratsaldean Zikuñaga auzoko jaiak, eta are indartsuago jarraituko dute gaurko egunez. 17:00etan lehertu zen atzo lehenengo suziria, eta ordutik festan murgilduta dabiltza bertako bizilagunak. 

Ohiko jarduerak eta berritasunak tartekatu zituzten jaietako lehenengo egunean. Arratsaldean buruhaundiek hartu zuten Zikuñaga, eta gogotik astindu zituzten bertako gaztetxoen eta ez hain gazteen bizkarrak. Txokolatadarekin pilak kargatu zituzten askok, eta ordutik aurrera etengabeko dantza kate batean aritu ziren; aerorumba izan zen lehenik, matraka elektrotxarangaren irteera ondoren eta Astigarragako 3ttu erromeria taldearen kontzertua azkenik. Batzuen gaua dexente luzatu zen erromerian, baina gaurko indarrak gorde zituzten badaezpada. 

 

Tortillekin eta sagardoarekin hasiko dute egun haundia

Deskantsatzeko tarte pixka bat utzita, eguerdiko 12:00etan hasiko dira gaurko ekintzak. Haurrek puzgarrietan jolasteko aukera izango dute eguerdiko orduetan, eta helduek tortilla lehiaketarekin hasiko dute eguna. 12:30etan egingo dute aurkeztutako plateren balorazioa, eta tortilla jan ondoren zintzurrak sagardo tragoxka batekin freskatu ahal izango dira. Dastaketa jendetsua amaitzen denean bazkaltzera joateko momentua izango da. Larunbat goiza izaten da Zikuñagako Jaietako momentu jendetsuena. 

Arratsaldeko lehenengo zatian haur jolasak izango dira protagonista; 16:00etan apar festa egingo dute eta 17:00etan puzgarriak irekiko dituzte bigarren aldiz. Orduak igaro ahala, ordea, helduek hartuko dute festa giroa mantentzeko ardura. 20:00etan Zikuñagako danborradaren burrunbak zeharkatuko du auzoa, eta gauean Itzal erromeria taldeak eskainiko du kontzertua. Jarduera horien tartean Sastakai txarangaren kalejira eta zezen suzkoa ere izango dira. 

Meza, herri kirolak eta paella jatea, bihar 

Biharko egunez amaituko dira Zikuñagako Jaiak. Hala ere, arratsaldera arte izango da festa giroan jarraitzeko aukera. Zikuñagako Amaren omenezko mezarekin hasiko dute eguna, goizeko 10:00etan. Bertako ermitan izango da meza, eta goizeko gainontzeko jarduerak inguru horretan egingo dituzte. Antolakuntzatik azaldu dutenez, garai bateko jai tradizioetara itzuli nahi izan dute biharko ekitaldiekin, erlijio ekitaldietatik harago joanda. 

Ozenki abesbatzako kideek kontzertua eskainiko dute meza bukatu orduko, eta 11:30etan Leitzako Aurrera taldearen dantza tradizional saioa izango da. Horiek bukatutakoan, eguerdiko 12:30ak aldera, herri kirol erakustaldia egingo dute Aldapan taldeko kideek; Itsaso Treku eta Haritz Aranguren arituko dira harrijasotzen, eta Aitor Saralegi, Oier Mitxelena, Maika Ariztegi eta Malen Barrenetxea hernaniarra aizkoran. 

Bazkalordua iristen denean Zikuñagako eskoletara lekualdatuko da festaren erdigunea. Paella jate herrikoia izango da bertan, eta horixe izango da aurtengo jaietako azken jarduera. 14:30etan hasiko dira bazkaltzen, eta mahai bueltan denboratxo bat igaro ondoren, azken traka haundi batekin bukatuko dituzte festak.

 

ZIKUÑAGAKO JAIAK 2024

HERNANI

GAUR

12:00-14:00 Puzgarriak

12:30 Tortilla lehiaketa. 12:00ak arte jasoko dira tortillak.

Ondoren sagardo dastaketa.

16:00 Apar festa.

17:00-19:00 Puzgarriak.

18:30-19:30 Sastakai txaranga.

20:00 Zikuñagako Danborradaren irteera.

Ondoren zezen suzkoa.

00:00 Dantzaldia Itzal
erromeria taldearekin.

BIHAR

10:00 Zikuñagako Amaren omenezko meza ermitan.

Ondoren Ozenki abesbatza.

11:30 Aurrera dantza taldea ermitan.

12:30 Aldapan herri kirolak ermitan. 

14:30 Paella herrikoia
eskoletan. 

Ondoren traka eta jaien
amaiera.

Erlazionatuak

Zikuñagako Jaiak - Irailak 7

Kronika - Erredakzioa ira 07 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!