«Sei ereserki egin dizkiote Zikuñagako Amari, horrek erakusten du herrian izan duen garrantzia»

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 7a, 00:00

1954ko urriaren 26an San Joan Batailatzailearen elizatik Zikuñagako ermitara egindako prozesioko irudia.

1954an izendatu zuten Zikuñagako Ama Hernaniko zaindari. Urteurren borobila da aurtengoa, eta herriko zenbait artista elkartuta, ekitaldi berezia prestatu dute gaur arratsalderako. 20:00etan izango da, elizan.

70 urte beteko dira aurten Zikuñagako Ama Birjina Hernaniko zaindari izendatu zutenetik. Urteurren borobila dela eta, emanaldi berezi bat prestatu dute gaurko San Joan Batailatzailearen Parrokian; arratsaldeko 20:00etan Mikel Aristregik eta Jon Odriozolak egindako dokumentala jarriko dute, eta ondoren Joxan Goikoetxeak kontzertua eskainiko du, Klara Mendizabal sopranoarekin batera. 

Bakoitza bere kabuz hasi zen Zikuñagako Amarekin lotutako ondarearen bila, eta Jose Luis Aperribai parrokoa izan zen guztiak elkartzeko giltzarria. «Bakoitza bere optikatik eta bere bidetik hasi zen lanean, eta azkenean topo egin dugu. Jose Luisek bazekien auren efemeride hori bazetorrela eta zerbait egitea komeni zela», azaldu du Goikoetxeak. Behin bideak elkartuta, elkarlanean aritu direla gehitu du Aristregik: «Antolakuntzaren azken zatian elkarrekin aritu gara lanean, ordena eta egitura adosteko».

Dokumentalaren proiekzioa izango da ekitaldiaren lehenengo zatia. Zikuñagako ermita berreraiki zutenean hasi zen Aristregi materiala pilatzen. Garai hartan egindako elkarrizketekin eta beste zenbait testigantzekin ondu du dokumentala, eta nabarmendu du lan horretan ezinbestekoa izan dela Jon Odriozolak eskainitako laguntza: «Jon, batik bat, dokumentazioa biltzen aritu da. Altxor haundi bat ere topatu du; izan ere, badago 1954ko urriaren 26an, zaindari izendatu zuten egunean, egindako prozesioaren bideoa. Inork ez zekien hori bazegoenik, eta berak jaso eta salbatu du. Izugarrizko ekarpena izan da».

Aristregiren iritziz, dokumentalean islatzen da Zikuñagako Amak Hernanirentzat izan duen garrantzi historikoa: «Orain arte liburuetan irakur zitekeen inguruko herrietatik jende asko etortzen zela bisitatzera, baina gauza bat da idatziz jakitea eta beste bat da bideoan ikustea. Hernaniko kaleak beteta agertzen dira eta inpresionatzen du».

 

Sei ereserki sortu dizkiote Zikuñagako Amari

Hernaniko zaindariak herriarentzat izan duen garrantzia ondare musikalean ere antzematen da Goikoetxearen ustez. Azkeneko urteetan materiala pilatzen joan da pixkanaka, eta berezitasunez betetako kontzertua eskainiko du Klara Mendizabalekin batera.

«Pentsa, Zikuñagako Amari buruzko sei ereserki daude. Guztiek dute bere garrantzia eta denek islatzen dute herriaren historiaren zatitxo bat. Gaurko kontzertuan ereserki bakoitza sortu zen garaiko testuingurua azalduko dugu, eta iruditzen zait jendearentzat ilustrazio interesgarria izango dela», azaldu du Goikoetxeak.

Kontzertuaren beste berezitasunetako bat da Hernanirekin lotura estua duten egileen musika oholtzaratuko dutela. Guztien artean, Manuel Cendoyaren figura gogorarazi du Goikoetxeak: «Sekulako musikaria izan zen, Hernaniko Musika Bandaren lehenengo zuzendaria. Ansorenatarren, Olaizolatarren, Usandizagaren eta Sorozabalen irakaslea izan zen. Izugarria da horien guztien irakaslea izandakoaren figura galduta egotea».

Goikoetxearentzat «poz haundia» da urteetan zehar bildutako materialarekin kontzertua osatu ahal izatea. Gainera, beste pauso batzuk emateko aukera ere ikusten du: «Gerta daiteke gaurko kontzertua egin eta aitortza efimeroa izatea. Nik uste dut edukiak ematen duela disko bat sortzeko».

 

«Erlijiotik harago doa»

Gaurko emanaldiaren izaerari buruz galdetuta, Aristregik eta Goikoetxeak adierazi dute erlijiotik harago doala Zikuñagako Amaren eta Hernaniren arteko lotura. «Kultura eta artea elizari lotuta egon dira historikoki, baina horrek estilo asko utzi ditu tartean. Altxor musikal asko dauzkagu, eta gaur egungo ikuspegitik begiratu behar ditugu», dio Goikoetxeak.

 Aristregik ere bat egin du argudiaketarekin: «Ermita berreraiki zutenean nabaritu nuen auzi soziala eta transbersala zela. Erlijioarekin lotura dauka, baina esango nuke harago doan zerbait dela».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!