XX. Besarkada sarietan izendatu dute Garbiñe Intxausti

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 6a, 00:00

Garbiñe Intxausti. Argazkia: Teatro Madrid.

Antzerki emanaldi onenaren saria lortzeko lehian dago, 'Forever' antzerki lanagatik. Estibaliz Urresolaren '20.000 especies de abejas' filma ere nabarmendu dute, hiru izendapenekin. Urriaren 2an banatuko dira sariak.

 

Euskal Aktoreen Batasunak XX. Besarkada Sarien izendatuen berri eman du, eta tartean dago Garbiñe Intxausti hernaniarra. 'Forever' antzerki emanaldiagatik izan da hautatua, eta sariak urriaren 2an antolatu duten gala berezian banatuko dira.  Intxausti beste bi aktoreekin dago lehian: Olatz Ganboa 'Festen', eta Aitziber Garmendia 'El color de la leche' emanaldiekin.

Euskal Aktoreen Batasunak bere sarien 20. edizioa ospatuko du aurten, eta gala berezia egingo da Bilboko Campos Eliseos Antzokian. Bertan egingo da sari banaketa, eta aurtengoan, Hodei Arrastoa eta Kepa Errasti aktoreek gidoigintzan eta zuzendaritzan hartuko dute parte. Alazne Astorgak, Ima Koiotek, Xanti Korkostegik, Mirena Nafarratek eta Jaione Urtasunek aurkeztuko dute, eta zuzendariek azaldu dute, hain ezagunak ez diren afiliatuei eman naui izan dietela protagonismoa. 

Azken urteetako beste euskal ekoizpen haundienetako bat ere nabarmendu nahi izan du afiliazioak: Estibaliz Urresolaren '20.000 especies de abejas' filma. Filmean egindako lanagatik, hiru aktore izan dira izendatuak, zinemako interpretazio onenaren sarian: Ane Gabarain eta Patricia López de Arnaiz emakumezkoetan, eta Martxelo Rubio gizonezkoetan. Gala nagusian argituko dira sariak.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!