Bihar jokatuko da bertsolari gazteen Lizardi Sariko finala, Zarautzen, eta bertan abestuko dute Andoni Mujika 'Anatx' eta Andoni Rekondo bertsolariek.
Hernaniko Bertso Eskolako bi kideek pasa den astean jokatutako kanporaketetan lortu zuten finalerako txartela. Ostegunekoan lehenengo postuan amaitu zuen Rekondok, 222,5 punturekin, pasea zuzenean eskuratuta. Mujika laugarren izan zen ostiralekoan, eta 203,5 punturekin sartu da finalera. Bi saioetan epaile lanetan aritu zen Estitxu Agirre hernaniarra.
Mujikarekin eta Rekondorekin batera, Aitor Tatiegi, Iruri Altzerreka, Libe Goenaga eta Araitz Katarain ariko dira biharko finalean, eta honako ariketak egin beharko dituzte: zortziko haundian hiruna bertso, zortziko txikian hiruna bertso, bina puntu erantzun, hamarreko txikian hiruna bertso, azkenaurreko puntua emanda bertso bat eta gaiari bina bertso. 22:00etan hasiko da, Modelo aretoan, eta ordubete lehenago jarriko dituzte gonbidapenak aretoko txarteldegian.