Zabalik dago alokairurako laguntzak eskatzeko epea, irailaren 30era arte

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 5a, 00:00

Hernaniko Udalak 210.000 euro bideratuko ditu alokairuan bizi diren hernaniarrentzat. Eskaerak hil honen 30era arte eskatu daitezke. 

Zabalik dago alokairurako dirulaguntzak eskatzeko epea, irailaren 30a arte. Hernaniko Udalak 210.000 euro bideratuko ditu alokairuan bizi diren hernaniarrei laguntzeko. Bi zatitan banatuko da partida hori: erdia (105.000 euro) 18-35 urte bitarteko gazteentzako, eta beste erdia 36 uretik gorakoentzako.

Etxebizitza Sailak azaldu duenez, bi helburu dituzte dirulaguntzek: batetik, gazteei laguntzea emantzipazio bidean; eta bestetik, orokorrean herrian etxebizitzaren alokairua sustatzea.

Eskaera orriak eskuragarri daude hernani.eus webgunean edota Herritarren Harrera Zerbitzuan, eta udal-erregistroan eurkeztu behar dira, behin beteta. Baldintza guztiak ere bide horietatik eskuratu daitezke.

Diruz lagunduko diren alokairu gastuak 2024 urtekoak izango dira, urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra artekoak alegia. Gehienez ere 750 euroko errenta lagunduko da diruz, eta onuradun bakoitzak guztira 3.600 euro jaso ditzake gehienez ere.

Laguntza eskatzeko, ezinbestekoa da gutxienez sei hilabetez Hernanin erroldatua egotea. Bestalde, Hernaniko Udalaren dirulaguntza hau ez da bateragarria izango beste erakunde publikoek alokairuarako ematen dituzten laguntzekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!