Ikasturtea produktu berriekin hasteko, iraileko Stock Azoka antolatu du Berriak elkarteak, Hernaniko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Gaur eta bihar izango da, eta «aukera paregabeak» aprobetxatzeko gonbitea luzatu diete herritarrei, azokara gerturatuta.
Plaza Berrin egitea aurreikusi zuten, baina euria iragarrita dagoela eta, Atsegindegin jarriko dute azkenean. Gaurkoan, goizez eta arratsaldez egongo dira postuak bertan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Bihar, berriz, goizeko ordutegia soilik izango du azokak, 10:00etatik 14:00etara.
Otsailean jarri zuten aurreko Stock Azoka, Plaza Berrin; eta makina bat herritar bertaratu ziren, txolloen bila. Uztailean, berriz, Beherapen Azoka egin zuten, komertzioen produktuak atarira aterata. Stock Azokarekin bueltatuko dira oraingoan.