Ekitaldi berezia egingo dute etzi parrokian, Zikuñagako Ama Birjinaren omenez

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 5a, 00:00

Zikuñagako ermita, 1974an. Argazkia: Foto Echarri / Hernaniko Udal Artxiboa

Dokumental bat aurkeztu eta kontzertua eskainiko dute, 20:00etan hasita, Hernaniko zaindariaren egunaren bezperan.

 

Urrian beteko dira 70 urte, Zikuñagako Ama Birjina Hernaniko zaindari izendatu zutela. Zehazki, Erromako Egoitza Santuak 1954ko urriaren 26an eman zuen horretarako baimena, Hernaniko parrokiako kabildoaren eta udalerriaren eskaerari erantzunez. Izendapen horrek berretsi zuen hainbat mendetako lotura eta tradizio historikoa, Zikuñagako Amaren inguruan.

Hori horrela, eta irailaren 8a Ama Birjinaren eguna izanik, ekitaldi berezia antolatu dute larunbat honetarako. San Joan Bataiatzailea parrokian izango da, arratsaldeko 20:00etan hasita, 19:00etako mezaren ondoren.

Bi zati izango ditu ekitaldiak, aurreratu dutenez. Aurrena, dokumental txiki bat aurkeztuko dute, Mikel Aristregui eta Jon Odriozola hernaniarrek prestatutakoa. Bertan ageri dira, 1954an parrokiatik Zikuñagako ermitara egin zen prozesioaren irudiak, Ama Birjina herriko zaindari izendatu zutenean. Irudi horiek ezezagunak ziren orain arte, eta Euskadiko Filmategian agertu dira. Irudiak osatuko dituzte baselizaren gertuko jendearen testigantzekin, eta Jon Odriozola eta Idoia Noble aurkezleek emango dituzten datu historikoekin.

Ekitaldiaren bigarren zatian, berriz, musika izango da protagonista. Kontzertua eskainiko dute Joxan Goikoetxea musikari hernaniarrak eta Klara Mendizabal soprano donostiarrak. Hernanirekin lotura duten egileen musika eta testuak izango dira entzungai: Manuel Cendoya, Jose Olaizola, Juan Telleria, Jesus Zubimendi, Juan Jose Arregi eta Imanol Kamio musikariek konposatutako abesti-ereserkiak, Alfonso Maria Zabalak, Pello Sarriegik edota Jose Luis Aperribaik sortutako testuekin.

Horrela, «Hernaniko musikaren historian ibilbide berezi bat» egiteko aukera izango dute ekitaldira bertaratzen direnek. Doakoa eta irekia izango da.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!