Asteburu honetan ospatuko dituzte jaiak Zikuñagan eta Latsunbeberri-Marielutsen

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 4a, 00:00

Bi gaztetxo boxeoko eskularru erraldoiekin 'jolasean', joan den urteko Zikuñagako Jaietan.

Festen data dantza tarteko, asteburu berean izango dira bi auzoetako jaiak. Ostiral arratsaldean botako dute txupinazoa bietan, eta hiru egunez luzatuko da festa giroa.

Oporretatik bueltan poz pixka bat behar duenak, edo ikasturte berria hasi aurretik azkeneko salto eta dantzak behar dituenak, aukera bikoitza izango du asteburu honetan Hernanin. Izan ere, festen data dantza tarteko, asteburu berean ospatuko dituzte irailaren hasierako bi jaiak: Zikuñagakoak eta Latsunbeberri-Marielutsekoak.

Ostiral arratsaldean botako dute txupinazoa bietan, eta igandera bitarte izango da zerekin gozatua. Paelladarekin borobilduko dituzte festak Zikuñagan, eta sagardo dastaketarekin Latsunbeberri-Marielutsen.

Egitarau potoloa prestatu dute bietan. Ostiraletik bertatik hartuko du kolorea Zikuñaga auzoak, Holi Party ezaguna ere egingo baitute, koloretako hautsekin. Larunbata auzoan bertan pasako dute, tortilla, sagardo, apar, puzgarri, danbor hots eta zezensuzko artean gozatzen. Igandean, berriz, Zikuñagako Amaren ermita izango da festaren eszenatokia, azkeneko urteotan bezalaxe.

Menua primerakoa izango da Latsunbeberri-Marielutsen ere. Ostiraleko sardin-jateari, larunbateko paellak hartuko dio erreleboa; baina jatekoaz harago, denetik izango dute auzoko festek: esku pelota, ping pong eta toka txapelketak, bingo herrikoia, bertsolariak, apar festa...

ZIKUÑAGAKO JAIAK

OSTIRALA, irailak 6

17:00, Txupinazoa.

Jarraian, Buruhaundiak.

17:45, Aerorumba eta Holi Party.

19:00, Txokolatada.

20:00-22:00, Matraka elektrotxaranga.

22:00, 3TTU taldearekin erromeria.

LARUNBATA, irailak 7

12:00-14:00, Puzgarriak.

12:30, Tortilla lehiaketa. Eguerdiko 12:00ak arte jasoko dira tortillak.

Ondoren, Sagardo dastaketa.

16:00, Apar festa.

17:00-19:00, Puzgarriak.

18:30-19:30, Sastakai txaranga.

20:00, Zikuñagako Danborradaren irteera.

Ondoren, Zezensuzkoa.

00:00, Dantzaldia Itzal erromeria taldearekin.

IGANDEA, irailak 8

10:00, Zikuñagako Amaren omenezko meza ermitan.

Ondoren, Ozenki abesbatza.

11:30, Aurrera dantza taldea, ermitan.

12:30, Aldapan herri kirolak, ermitan. 

14:30, Paella-jate herrikoia, eskoletan. 

Ondoren, Traka eta jaien amaiera.

 

LATSUNBEBERRI-MARIELUTSEKO JAIAK

OSTIRALA, irailak 6

18:15, Jaien hasierako suziria.

18:15-19:15, Ipuin kontalaria.

19:15-20:15, Aerorumba saioa, Jenny Perlazarekin.

20:15-21:45, Radio Rebelde musika taldearen emanaldia.

20:30, Sardin-jate herrikoia, balio anitzeko pistan.

21:45-02:00, Musika Mikeltxiren eskutik, balio anitzeko pistako oholtzan.

LARUNBATA, irailak 7

10:30, Iturritxo Elkartearen 10garren esku pelota txapelketa, kanporaketa fasea.

11:30-12:00, Buruhaundiak eta trikitixa, auzoan zehar.

12:00-13:00, Apar festa, eguraldi ona egingo balu. Arropa aproposa eraman behar da.

13:00, Tximeletak txaranga, auzoan zehar.  

14:00, Paella-jatea gazte eta helduentzat, balio anitzeko pistan. Prezio merkea. Jolas sorpresa eta bingoa izango dira. 

16:30-19:30, Puzgarriak eta ohe elastikoak, balio anitzeko pistan. 

17:00, Ping-pong txapelketa, tenis pistan.

18:30, Toka txapelketa helduentzat, balio anitzeko pistan. Izenematea 2 euro. Irabazleak izenemateekin bildutako diru kopuruaren erdia irabaziko du.

19:30, Txokolatada, balio anitzeko pistan.

20:30-02:00, Musika DJ Nemuxen eskutik, balio anitzeko pistan.

23:00, Bingo herrikoia.

00:00, Zezensuzkoa.

IGANDEA, irailak 8

11:00-12:00, Patata tortilla lehiaketa. Tortilla balio anitzeko pistako txosnan entregatu beharko da. Honako osagaiak erabili daitezke: arrautza, patata eta tipula. Sariak: bi afari Latxunbe tabernan, bi afari Ilargi tabernan, eta bi afari Karrero tabernan. 

11:00-12:30, Iturritxo Elkartearen 10garren esku pelota txapelketako finalak. 

11:00-13:00, Eskulan tailerra elkartearen lokalean. Derrigorrezkoa da izena ematea, eta oinarriak aurkeztuko dira.

12:00-12:30, Patata tortillen balorazioa epaimahaikide ospetsuen eskutik, eta sari banaketa.

12:00, Bertsolariak, balio anitzeko oholtzan: Iker Ormazabal 'Tturko' eta Ekain Tolaretxipi.

12:30-13:30, Trikitilariak, giroa animatzeko.

12:30-13:30, Sagardo dastaketa, balio anitzeko pistan. Sagardotegiak: Altzueta, Rufino, Akarregi, Alberro, Elorrabi, Otsua-Enea, Gurutzeta, Oialume Zar, Zelaia eta Itxas-Buru. 

14:00, Jaiei bukaera emango dien suziriaren jaurtiketa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!