Iñigo Llopisek lortu du bere kirol ibilbidea borobiltzea, Parisko Paralinpiar Jokoetan urrezko domina lortuta. Bizkar estiloko 100 metroetako txapeldun paralinpikoa da jatorri hernaniarreko igerilaria, hiru urte lehenago proba berdinean, Tokioko jokoetan, zilarra lortu eta gero. Proba honetan, egungo munduko txapelduna (2023an) eta Europako txapelduna (2022an eta 2024an) ere bada. 25 urterekin, urrea kolkoratu du La Defénse Arenako igerilekuan, 15.000 ikusleren aurrean, kronoa 1:05.58an gelditu ondoren.
Kota Kubota (1:07.03) japoniarra izan zen bigarren, zilarra eskuratuz, eta Mark Malyar (1:07.42) israeldarra hirugarren. S8 mailan lehiatzen da Llopis, kategoria horretan baitaude koordinazio apur bat mugatua eta zangoen mugimendua nahiko mugatua duten igerilariak, gorputz-adarrik ez dutenak, edota beso bakarra erabiltzen dutenak.
Oraindik beste bi proba geratzen zaizkio igeri egiteko. Bihar estilo libreko 400 metroko proban arituko da, eta ostiralean, irailaren 6an, estilo libreko 100 metroko proban.
Hirugarren partehartze olinpikoa
Pariskoa bere hirugarren partehartze olinpikoa da. Azken orduan Rio de Janeiroko Jokoetarako sailkatu zen 2016an, Errusiari jarritako zigorragatik. Orduan 17 urte besterik ez zituen, eta 50 eta 100 metro libreko probetan eta 200 estilokoetan parte hartu zuen, baina ez zuen finaletarako sailkatzea lortu. Bost urte geroago, Tokioko Joko Paralinpikoetan zilarra kolkoratu zuen. Harrezkero, bere kategorian bizkarreko 100 metroetan erreferentzi nagusi bilakatu da mundu mailan.