Gaur arratsaldean ekingo diote ikasturte berriari Amherreko kideek. 16:30etan jarri dute hitzordua Kulturarteko Plaza Feministan, atzealdeko plazatxoan Merka-topaketa egiteko. Antolatzaileek azaldu dute arropa azoka txiki bat jarriko dutela bertan, eta jolasteko aukera ere izango dutela bertaratzen direnek. Arratsaldeko 19:00etan amaituko da jarduera.
Izenak dioen modura, herritarrak elkartzea da azokaren helburua. Ikasturtearen hasiera izanik, aurkezpen txiki bat ere egingo dute Amherreko kideek, elkartearen aurtengo lan ardatzak zeintzuk diren azaltzeko: «Ikasturte berriari ekingo diogu orain, gure lan ardatzak berraktibatuz, Hernanira bizitzera etortzen diren pertsona migratzaileen beharrei eta errealitateei erantzuteko, eta gizartean mehatxuz hazten ari den arrazakeriari aurre egiteko».
Amher elkartetik parte hartzeko deia egin diete herritar guztiei, «gehiagotan elkartu ahal izateko bideak aurkitzeko»: «Topaketa honetan parte hartzera gonbidatzen ditugu Hernaniko talde ezberdinak eta bizilagunak».
Lanean igaro dute udara
Ikasturte berria gogotsu hasiko dute Amherreko kideek, baina udaran ere ez dute etenik izan ekimenen aldetik. Hilabete hauetan bidelaguntza, aholkularitza eta oinarrizko euskera zein gaztelania klaseak eskaini dituzte. Gainera, ibilaldi bat ere egin dute Leitzarango inguruak ezagutzeko. Jarduera horien berri emango dute Kaixo! aldizkariaren hurrengo alean.