Oporraldiko azkenak ere, amaitu dira. Atzo agurtu zituzten festak Portuko herritarrek, azken traka tarteko. Egun osoan zehar jende ugari ibili zen auzoan, bai goizean, baita arratsaldean ere.
Plaza betetzen hasi zen goizeko bertso saioarekin batera. Sagardo dastaketa izan zen goizeko izarra, eta ez zuen hutsik egin. Uneoro ibili zen jendea, baita Bihotzez elkartearen postuan ere. Dastaketan bildutako dirua Sortzetiko Kardiopatien Elkartearentzat zenez, informazioa banatzen aritu ziren elkarteko kideak, eta aurkezpen txiki bat ere egin zuten eszenatokian. Giro bikaina izan zen.
Arratsaldean, bigarren hitzordu nagusia, herri kirolak. Ikuskizuna bikaina izan zen eta auzotarrek asko gozatu zuten.
Festen amaiera usaina gerturatzen zihoan, gaua gerturatzen zen bezala. Iratzar taldeak girotu zuen plaza azken ordu hauetan, eta izan ziren gerriak mugitzeko indarra atera zutenak ere. 00:00etan amaiera ekitaldia egin zuten, zezensuzkoarekin, eta azken trakarekin batera agurtu zituzten aurtengo Portuko Jaiak.