Goizean sagardo dastaketa eta arratsaldean herri kirolak, Portuko Jaien azken egunean

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 1a, 00:00

Asto Paseoa, festetako ekitaldi arrakastatsuena.

Bertsolariak eta txistulariak ere auzotik ibiliko dira, jaien azken eguna girotzen, eta gauean Iratzar taldearekin batera agurtuko dituzte aurtengo jaiak, dantzaldia eginez.

 

Oporraldiko azken festak ere amaitzear daude, gaur da Portuko Jaiez gozatzeko azken eguna. Goizeko sagardo dastaketa eta arratsaldeko herri kirolak izango dira protagonista, eta azken eguna bada ere, auzotarrek ez dute hutsik egingo. Bertsolarien eta txistularien doinuek girotuko dute gaur Portu, eta gauean Iratzar taldearekin azken dantzak egiteko aukera izango da.

Atzoko eguna borobila izan zen, ezin hobeto ibili ziren auzoko haurrak jolasean eta asto gainean. Saskibaloi txapelketa ere izan ziren auzoko gazteen artean, eta Itzal musika taldeak ere, adin guztietako auzotarrak jarri zituen dantzan, bai arratsaldean, baita gauean ere. Ordu txikietara arte luzatu zen larunbat gaua, urtero lez, inguruko bisitariekin. Baina, azken egunari eusteko indarrean daude oraindik ere.

 

 
 

Gaur, igandea

Gaur ere egun ederra dute aurretik. Goizeko 09:30etan dianak esnatuko ditu auzotarrak, txistularien erritmoan. Meza izango da eguerdian, 12:00etan, auzoko hildakoen alde; eta aldi berean, Hernaniko Bertso Eskolako bertsolarien saioa izango da. Jarraian, goizeko hitzordu nagusia: sagardo dastaketa, 12:30etan. Bertan, bailarako sagardo ezberdinak probatzeko aukera izango da: Altzueta, Oialume-Zar, Olaizola, Eula, Akarregi, Elorrabi, Iparragirre, Artola, Itsasburu, Otsua-Enea, Rufino eta Gurutzeta sagardotegiak. Gainera, dastaketan biltzen den dirua Bihotzez elkartearentzat izango da. Urtero irabazi asmorik gabeko elkarte bati ematen zaio bildutako dirua, eta aurten Sortzetiko Kardiopatien Elkarteari emango diote. Elkarteko kideak ere bertan izango dira, informazioa zabaltzen eta egunaz gozatzen. 

Auzotarrek bazkaria egingo dute ondoren, arratsalderako indarrak hartzeko. 18:30etan hasiko da eguneko bigarren hitzordu nagusia, herri kirolak. Aizkoran lanean arituko dira Malen Barrenetxea hernaniarra, Nerea Arruti, Irati Astondoa, Uxue Ansorregi, Iker Vicente eta Hodei Ezpeleta 'Bihurri'. Harria jasotzen, berriz, Jokin Eizmendi eta Mikel Lopetegi 'Urra' arituko dira, erakustaldi polita eskaini nahian. Jarraian, Iratzar taldearekin dantzaldia hasiko da. 00:00etan egingo dute jaien amaierako ekitaldia, Iratzarren doinuekin batera, eta zezensuzkoa eta azken traka ere izango dira, Portuko Jaiei agur esateko.

 
 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!