Emakume hernaniar bat erasotu zuten Hernani eta Urnieta arteko bidegorrian

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 31a, 00:00

Abuztuaren 15ean gertatu zen, eguerdian, emakumea oinez ibiltzera atera zela.

 

68 urteko emakume hernaniar bat erasotu zuten abuztuaren 15ean, ostegunez, Hernani eta Urnieta arteko bidegorrian. «Goiz askotan bezala», oinez ibiltzera atera zen emakumea egun horretan, bakarrik. 11:45ak aldera, bidegorrian zijoala, 'buenos días' esanez agurtu zuen mendira begira zegoen gizon batek, eta berdin erantzun zion emakumeak. Kaputxadun jertsea zeukan gizon hark, eta kaputxa buruan jantzita, emakumeak aditzera eman duenez.

Bidean aurrera egin, eta or­duan gertatu zen erasoa: «Bat-batean, lepotik heldu ninduen, lurrera bota nahian. Konturatu nintzenerako, lurrean arrastaka nindoan, gizonak tiraka, bidetik mendi aldera daraman pista estu baterantz, lokatz eta sastrakaz betetako pista batetik barrena. Gizonak ahoa bere eskuekin gogor estali zidan, oihu egin ez nezan; eta era berean lepotik indarrez heldu, ni geldiarazi nahian».

Pistan sartu ondoren, gizonaren eskua ahotik kentzea lortu zuen emakumeak, eta baita oihu egitea ere, laguntza eskatuz: «Gizon bat agertu zen berehala, eta gizon kaputxaduna nire gainetik altxa zen, eta korrika joan zen ihesi. Baina bidean paseatzen zebiltzan beste pertsona batzuen jarrera eta ekimenari esker, azkar atxilotu zuten. Hurrengo goizean epailearen aurretik pasa ondoren, kalean da berriro».

Emakumeak Kronikaren bitartez salatu nahi izan du berari gertatutakoa, eta azaldu du kontatzearen helburua ez dela «beldurra zabaltzea, gertaeraz jakinarazi eta emakumeon defentsan gogor lanean jarraitzeko borroka indartzea baizik».

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!