Aurreneko kolpeari eutsi zion Imanol Ansa urnietarrak ostegunean, eta bizi-bizirik jarraitzen du Buruz Buruko Txapelketan. 30-23 menderatu zuen Aritz Juanenea saldiastarra, ligaxkako bigarren partiduan; eta sailkapeneko hirugarren postuan jarri da, hiru punturekin. Hain juxtu, Juaneneari hartu dio aurrea, saldiastarrak ez baitzuen lortu 24 tantora iristea, gutxienez puntu bat eskuratzeko.
Huts egiteko aukerarik ez zeukan iazko txapeldunak, eta asko zaildu zitzaion osteguneko partidua bera ere. Oso parekatua izan zen hasiera, tanto luzeekin; baina launa berdindu ondoren ihes egin zuen Juaneneak, Ansaren hutsei esker: abiadura haundia ematen bai, baina pelota bideratzen ez zuen asmatu. Horrela, 4-9 aurreratu zen saldiastarra aurrena, eta Ansa 9-11 gerturatu zen arren, 9-15 eta 12-17 jarri zen gero. Hortik aurrera, ordea, erabat aldatu zen partidua. Urnietarra hobeto sakatzen hasi zen, eta huts gutxiago egiten. Kontrara, Juaneneak egin zituen akatsak, zenbait pelota errazetan. 18na berdindu zuen Ansak, eta beste lau tantoz izan ziren parean; baina 21-20 aurreratu ondoren, ihes egin zuen Ansak (27-21). Puntu bat eskuratzen saiatu zen Juanenea, 24 tantora iritsita; baina ezin izan zuen lortu, urnietarrak erritmo geldiezina hartu baitzuen.
Oso partidu garrantzitsua gaur, bi irabazleen artean
Bestelako lehia izango da gaurkoa, aurreneko jardunaldiko bi irabazleen artean. Endika Barrenetxea hernaniarra eta Javier Urriza iruindarra ariko dira elkarren kontra, arratsaldeko 16:30etan hasita, Galarretan. Bigarren garaipena nahi dute biek, irabazleak pauso haundia emango baitu finalerako pase zuzena lortzeko.
Erronka gogorra dauka hernaniarrak aurretik. Bere maila onenetik gertu dago Urriza berriro, aurreko astean Ansa egurtuta erakutsi zuen bezala; eta bera izango da faborito. Klasiko bilakatu dira Barrenetxearen eta Urrizaren arteko partiduak, azkeneko urteotan. Makina bat aldiz jokatutakoak dira elkarren kontra, baita final ugari ere; eta ondo baino hobeto ezagutzen dute elkar. Klabea izango da nork bere armak ahalik eta ondoen erabiltzea, eta fisikoki ondo eustea, partidu gogorra espero baita. Ikuskizuna, behintzat, ziurtatuta dago.