Saskibaloi txapelketa jokatuko dute aurrenekoz, 21 puntuko jokoarekin

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 30a, 00:00

Saskibaloiean ariko dira bihar Portun, baina elkarri trabarik egin gabe.

Bihar eguerdian jokatuko dute, eta haurrek, gazteek eta helduek hartu ahal izango dute parte, punteria onena zeinek daukan erakusteko.

 

Ohiko jolas arrakastatsuekin hasiko dute biharko goiza Portu auzoan, haurrak protagonista direla: zaku karrerak, lokotxak, aulki jokoa, zinta lasterketa... Horren ondoren, ez du hutsik egingo tiro karabina lehiaketak ere. Baina horrekin batera, izango da nobedade bat ere: saskibaloi txapelketa.

21 puntuko jokoan ariko dira adin guztietako herritarrak. Txikienei, 5-7 urte bitartekoei, saski mugikor txiki bat jarriko diete: «Ez dakigu 21 puntura iritsiko diren... Bestela 11ra egingo dugu, adibidez». 8-13 urtekoak ariko dira beste multzo batean. Eta hortik gorakoak, helduen txapelketan: «Partehartzaile as­ko izanez gero, multzo ezberdinetan banatuko ditugu, eta bakoitzeko onenak sailkatuko dira finalera», azaldu dute.

Helburua garbia da: jaurtiketak ahalik eta ondoen egin, eta 21 puntura iristea. Horretarako, txandaka ariko dira jokalariak. Aurreneko jaurtiketa saskiratuz gero, tiro librea izango du jokalariak, eta hori ere sartuz gero beste bat, huts egin arte. Hark huts egindakoan, hurrengoak jaurtiko du, baloia hartu duen tokitik. Lortutako puntuazioa, jaurtiketa egin den tokiaren araberakoa izango da: hiruko marratik atzera 3 puntu, hortik aurrera 2 puntu, eta tiro librea izanez gero puntu 1. Puntuak pilatuz, 21 puntura iritsi beharko dute... baita juxtu iritsi ere! 22 edo 23 puntura iristen denak, 31 puntura arte jarraitu beharko du jokoan, eta bestela 41 puntu lortu arte.

Hau guztia nondik datorren azaldu du Sabanek, antolatzaileetako batek: «Larunbat batez, zenbait auzotar elkartu ginen 21 puntuko jokoan aritzeko, eta engantxatu egin gara. Ordutik, larunbat gehienetan elkartzen gara jokatzeko! Horregatik, erabaki genuen festetan ere antolatzea txapelketa».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!