Sagardo dastaketa solidarioa, Bihotzez Sortzetiko Kardiopatien Elkartearekin

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 30a, 00:00

Makina bat herritar, joan den urteko sagardo dastaketa solidarioan.

Urtero irabazi asmorik gabeko elkarte batek hartzen du protagonismoa sagardo dastaketan, eta helburua ekonomikoki elkarte horiei laguntzea izaten da. Portuko Jaien azkeneko egunean egingo dute sagardo dastaketa solidarioa, eta aurten, bildutako dirua Bihotzez Elkartearentzat izango da. 

aien azkeneko egunean, igandean, izango da urteroko sagardo dastaketa solidarioa, eta aurten, Bihotzez Sortzetiko Kardiopatien Elkartearentzat izango da bildutako dirua. Irabazi asmorik gabeko elkarte batentzat izan ohi da ekintza honetan ateratzen den dirua; iaz, Algaraklown ospitaleko pailazoen el­kartea izan zen protagonista. 

Ekintza haundienetakoa da sagardo dastaketa, auzotarrak zein kanpotik ger­turatutakoak bildu ohi dituena. Eguerdiko 12:30etan hasiko da, eta auzotarrek bailarako sagardotegi ezberdinetako sagardoa probatzeko aukera izango dute postuz postu. Aurten, honakoak dira sagardotegi partehartzaileak: Altzueta, Oialume-Zar, Olaizola, Eula, Akarregi, Alberro, Elorrabi, Iparragirre, Artola, Itsasburu, Otsua-Enea, Rufino eta Gurutzeta.

 

Bihotzez elkartea

«Sortzetiko kardiopatia duten neska-mutilak bihotz desberdinarekin jaiotzen dira, eta bizitza desberdina izaten dute», azaldu dute elkarteko kideek. Bihotzez irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta bere egitekoa, sortzetiko kardiopatia duten pertsonen eta beraien familia-kideen bizi kalitatea hobetzea da; diagnostikoa jasotzen den unetik hasi, eta bizitzako etapa ezberdinetan. «Eguneroko bizitzan babes eta sostengua ematea da gure lana», adierazi dute. 

Elkartearen helburu nagusiak hurrengoak dira: alde batetik, sortzetiko kardiopatia duten pertsonak, beraien familiak eta bizitzako etapa desberdinetan inplikatuta dauden profesionalak informatzea eta orientatzea. Bestetik, gizartea eta erakundeak sentsibilizatzea eta kontzientziatzea sortzetiko kardiopatien inguruan. 

«Bizi kalitatea hobetzeko bi­de ezberdinak eskaintzen ditugu; hala nola, informazioa eta aholkularitza, laguntza psikologikoa, arreta zerbitzua, formakuntz edota tailerrak. Prozesu osoan zehar sortzen diren kezkak eta beldurrak lantzen ditugu», azaldu du elkarteak. Gainera, elkarteko profesionalen bitartez, balorazio neuropsikologikoak ere egiten dituzte, alterazio kognitiboak dauden edo ez aztertzeko. Bestalde, arreta soziala ere eskaintzen dute elkarteko profesionalek.

Elkartea Bizkaian sortu zen 2011n, guraso batzuen ekimenari esker. Egoera berdinean zeuden familiekin bat egin zuten, helburu nagusi bat lortzera bidean: sortzetiko kardiopatia duten haurrei laguntzea. Hasiera horretan indar gutxi bazuten ere, pixkanaka elkartearen egoera hobetzen joan da. 2012an Euskal Autonomi Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean eman zuten izena. 2017ko urrian zuzendaritza batzordea eta egoitza Donostiara aldatu zituzten, eta 2018an erakundea profesionalizatu egin zen, aurrerapauso haundia ekarriz: Gurutzetako Ospitalean familiei sostengua eta babesa ematen hasi ziren. 2019aren hasieran, elkartearen erraietara itzuli ziren, eta Bilbon ordezkaritza ireki zuten. 2021 urtean, elkarteak 10 urte bete zituen, eta herri-onurako erakunde gisa aitortu zuten. 

Elkarteari beharrezkoa zaio Portuko sagardo dastaketa bezalako ekitaldietan parte hartzea, eta diru iturri ezberdin gehiago eskuratzen joatea: «oso garrantzitsuak dira horrelako ekitaldiak guretzat, elkarteko zerbitzu guztia mantentzen laguntzen digutelako. Elkarteak funtzionatu dezan, ezinbestekoak dira profesionalak, eta honek kostu bat du». Beraz, «11:30etarako Portun izango gara gu ere, standa jarriko dugu, elkartearen inguruko informazioa emateko, eta baita merchandaisinga saltzeko ere. Eguna auzoan igaroko dugu, eta amaitzeko, eskerrak emango dizkiegu auzotarrei eta gerturatutako herritar guztiei».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!