Oporraldiko azkeneko festak: iritsi dira Portuko Jaiak!

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 30a, 00:00

Jolaserako aukerarik ez dute faltako haur eta gaztetxoek, aurtengo Portuko Jaietan ere.

Gaur hasi, eta igandera bitarte ospatuko dituzte Sanjoan Txiki Jaiak Hernaniko Portu auzoan. Aurtengo egitarauaz gozatzeko deia zabaldu dute antolakuntzako kideek, bertakoa zein bisitaria izan: «Aurtengoan ere, egitarau zabala osatu dugu, eta gozatzeko unea iritsi zaigu danoi, izan auzotar, izan herritar, izan bisitari». Irrikitan daude txupinazoaren hotsa entzun eta auzoan eztanda egiteko.

Gaur hasiko dira Portuko jaiak, Sanjoan Txikiren jaiak, eta hiru egunez irrikaz esperotako festaz gozatu ahal izango da auzoan. Askorentzat, udako festetako zerrendan azken postua du Portuk, eta azkena izanagatik ere, izugarrizko festa antolatzen da. Gozatzeko unea iritsi da Portuko bizilagunentzat, baita kanpotik edo inguruko beste txokotatik etorriko den guztientzat, hala azaldu dute antolakuntzatik: «Aurtengoan ere, egitarau zabala osatu dugu, eta gozatzeko unea iritsi zaigu danoi, izan auzotar, izan herritar, izan bisitari». Hilabete hauetan zehar festak antolatzen ibili direnek irrikaz hartuko dituzte auzotarrentzat hain bereziak diren festak. 

Aurten ere betiko egitarauari heldu diote antolakuntzako kideek, eta aipamen berezia egin dute festa hauetan, orain arte auzoan izan direnak gogoratuz eta berriei ongietorria eginez: «Ezin ahaztu azken urtean auzoan izan ditugun galerak. Gogoan zaituztegun une berean, hunkituta eman diegu ongietorria aurten jaio diren auzotarrei. Musu potoloa doluan zaudeten familiei». Mezu honen bidez, auzora iritsi diren familia berriekin harremana sendotzea plazer bat izango dela adierazi dute: «plazer bat izango da denok elkartu eta auzoa bizirik mantentzea». 

Esker hitzak ere helarazi dituzte antolakuntzatik, festa hauetan modu batera edo bestera lagundu duten guztiei: «Eskerrak eman nahi dizkiegu, modu batera edo bestera, jai hauek antolatzen lagundu diguzuen auzotarrei, dendariei, tabernariei, elkarteei edota udalari».

Udarako azken festak

Udarako egitarauan ongi borobilduta edukitzen dituzte hernaniarrek eta inguruko herritarrek Portuko Jaiak. Udarako azkenak askorentzat, baina baita berezienak ere. Gaur hasi eta igandera bitarte egitarau zabala eskainiko da; urteroko ekintzei eusteko apustua egin da beste behin. Goizeko 10etan marrazki eta pintura lehiaketa egingo da, egitarauari hasiera emateko. Umeek izugarri gozatuko dute goizean zehar, margotzen ibili ostean, haurrentzako parking-a egongo baita. Puzgarriak, ohe elastikoak, parke txikiak eta 'olla' bezalako aukerak edukiko dituzte jolastu eta ondo pasatzeko. 11:30etan urtero lez, Txapete oroituko dute, lore eskaintza batekin. Eguerdian iritsiko da momentu haundia, jaien hasiera suzirien jaurtiketarekin batera. Aldi berean, buruhaundi eta txistularien irteera izango da, auzoko txoko guztietan alaitasuna zabalduz. Haurrek goizean egindako marrazkien erakusketa egingo dute 13:00etan, eta goizeko txanda itxiko da honekin batera.

Arratsaldean, berriz ere, haurrak protagonista; 16:00etan bigarrenez haurrentzako Parking-a irekiko baita, eta 17:00etan haur jokoak hasiko dira. 18:00etan Txapete omentzeko loreontzi lehiaketa egingo dute auzotarrek, eta ondoren txokolatada. 

Eguna iluntzen eta giroa berotzen hasiko da 20:00etako XXXII. Sardin jate herrikoian, urteroko ekintza arrakastatsuenetako bat izanik. Gaua luzatu nahi duenak, dantzaldia izango du Alaiki musika taldearen eskutik. 

Bihar, larunbata

Egunsentiarekin batera esnatuko dira bihar Portuko auzotarrak, goizeko 8:00etan jaurtiko dituzten suzirien hotsarekin. Goizean zehar auzoko haurren txanda izango da. 11:30etan haur jokoak hasiko dira: zaku karrerak, lokotxak, aulki jokoa eta ura eta irinaren jolasa. 13etan zinta lasterketa egingo da, eta irabazleek «izugarrizko opariak» eskuratu ahal izango dituzte. Jarraian, tiro karabina txapelketa jokatuko da, eta ordu berean, saskibaloi txapelketa ere egingo da (21 puntura).

Arratsaldeko saioan ere haurrak izango dira protagonista; lehenik tailerretan, eta ondoren asto gainean. 18:00etan Portuko Jaietako ikuskizun nagusienetako bat izango da: LXXI. Asto paseoa. Zirrara berezia sortzen du urtero ekintza honek. Lehen asto karrerak egiten ziren, baina iaztik aurrera, karreren ordez, asto paseoak egitera igaro ziren, animalien legedia berriak eraginda. Bigarren urtez jarraian, herriko gaztetxoak astoaren gainean auzotik barrena ibiltzeko aukera edukiko dute. 19:00etan Patxin eta Potxin pailazoen ikuskizuna izango da eta jarraian, umeentzako dantzaldia Itzal musika taldearekin. Afaldu ostean, dantzaldia izango da, berriz ere, Itzal taldearekin, baina oraingoan gazteen eta ez hain gazteen txanda izango da, eta ordu txikiak arte luzatu ahal izango da festa.
 

Etzi, igandea

Bart bezala, igandean ere suziriaren hotsak esnatuko du Portu auzoa goizeko 08:00etan. Izango dira oheratu berri daudenak, ajearekin esnatuko direnak, baina baita goizeko 09:00etako Dianarako prest egongo direnak ere, jaien azken eguna goiz goizetik aprobetxatu nahi dutenak. 12:00etan meza, auzoko hildakoen alde, eta ordu berean bertso saioa, Hernaniko Bertso Eskolako lagunekin. 12:30etan hasiko da eguneko hitzordu nagusia: Sagardo dastaketa solidarioa. Bailarako sagardotegi ezberdinak apuntatzen dira urtero, eta aurtengoan guztira 13 sagardotegik hartuko dute parte: Altzueta, Oialume-Zar, Olaizola, Eula, Akarregi, Alberro, Elorrabi, Iparragirre, Artola, Itsasburu, Otsua-Enea, Rufino eta Gurutzeta. Bertan bildutako dirua, Bihotzez elkartearentzat izango da. Urtero irabazi-asmorik gabeko elkarte bat hautatzen da, ekonomikoki bultzada bat emateko asmoarekin, eta aurten, Sortzetiko Kardiopatien Elkartea izango da protagonista. 13etan XLVIII. Toka eta Bote txapelketa egingo da, eta apuntatzeko epea egunean bertan, 12:50etan amaituko da. Jarraian bazkari herrikoia egingo da, menu goxo batez lagundua.

Arratsaldean, 18:30etan herri kirolen txanda, eta aizkolariek eta harri-jasotzaileek hartuko dute plaza. Aizkoran, Malen Barrenetxea, Nerea Arruti, Irati Astondoa, Uxue Ansorregi, Iker Vicente eta Hodei Ezpeleta 'Bihurri'. Harria jasotzen, berriz, Jokin Eizmendi eta Mikel Lopetegi 'Urra'. Jarraian, dantzaldia egingo da Iratzar taldearekin, jaiak agurtu aurretik azken dantzak egiteko. 24:00tan emango zaie Portuko Jaiei amaiera, Iratzar taldeak lagunduta. Zezen suzkoa eta azken traka ere egingo da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!