Amher elkarteak MERKA-topaketa antolatu du, Irailaren 3an

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 28a, 00:00

«Ziur gaudelako badaudela elkar topatzeko bide gehiago»; horregatik egun honetan partehartzera dei egiten dute elkarteko kideek. Topaketa arratsaldeko 16:30etatik 19:00etara izango da, Kulturarteko Plaza Feministan. 

 

Udaran zehar ere, ez dira geldirik egon Amher-eko kideak, bidelaguntza, aholkularitza eta oinarrizko euskara eta gaztelania klaseak ematen jarraitu dute.  Orain, ikasturte berriari ekingo diote, eta euren lan ardatzak aktibatzeko prest daudela azaldu dute: «Ikasturte berriari ekingo diogu, Hernanira etortzen diren pertsona migratzaileen beharrei eta errealitateei entzuteko, eta gizartean mehatxuz hazten ari den arrazakeriari aurre egiteko». Honekin lotuta, eta martxan jartzeko, datorren irailaren 3an, Kulturarteko Plaza Feministan ospatuko den 'MERKA-topaketetara' gonbita luzatu dute. Arratsaldeko 16:30etan hasi eta 19:00etan amaituko da.  

Topaketa honetan, arropa azoka txikia egongo da eskuragai, baita jolasteko eremua ere. Ikasturtearen hasieraren aurkezpen labur bat ere egingo da, Amher elkarteak egiten duen lana eta antolatzen dituen jarduerak azaltzeko. 

Amher Hernaniko Elkarte Multikulturala da, eta pertsona migratuen integrazioaren alde eta kultura, hizkuntza, etnia eta jatorri aniztasuna errespetatzearen alde egiten du lan. Urtean zehar egitasmo eta jarduera ezberdinak antolatzen ditu, besteak beste, hitzaldiak, migrazinema, ibilaldiak, emakumeen taldea, boluntario taldea, jaialdi gastronomikoa edota Bizilagunak.

Gonbidapena luzatzen du elkarteak, datorren asteartean egingo den topaketa hauetan parte hartzera: «topaketa hau gurekin eta beste talde eta bizilagunekin partekatzera gonbidatzen zaituztegu, ziur gaudelako badaudela elkar topatzeko bide gehiago».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!