Badatoz San Juan Txiki jaiak, eta Portu auzoa festa giroan murgilduko da

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 28a, 00:00

Portuko umeak protagonista izango dira festen hiru egunetan.

Behin Ergobiko Festak bukatuta, erreleboa hartuko dute Portuko auzotarrek. Ostiralean hasiko dira Hernaniko Portu auzoko jaiak, eta hiru egunez egitarau konpletoaz gozatzeko aukera egongo da. 

Udara amaitzen doa, eta Ergobiko Festak bukatuta, ostiralean hartuko du erreleboa Portuk. Bi egun falta dira San Joan Txiki Jaiak hasteko eta Portu auzoa festa giroan murgiltzeko. Aurten ere, egitarau konpletoa osatu dute Jai Batzordeko kideek, eta gonbidapena luzatu nahi diete ondo pasatzera eta egitarauaz gozatzera hurbildu nahi duten herritar guztiei.

Hiru egunetan ez da egongo aspertzeko tarterik, goizean goizetik gaueko ordu txikiak arte egongo baita martxan auzoan. Hiru egunetan zehar auzoko haurrek ekintza ugari edukiko dituzte, eta festetan protagonismo berezia izango dute, urtero bezala. 

Jaien hasierako txupinazoa jaurti aurretik, auzoko txikienek jolasteko tartea izango dute. 10:00etan marrazki eta pintura lehiaketa egingo dute, eta 11:00etatik 13:00etara haurren parking-a. Azken honetan, puzgarriak, ohe elastikoak, parke txikia edota 'Olla' bezelako jolasak edukiko dituzte. 11:30etan Txapeteri lore eskaintza egingo diote auzotarrek, eta 12:00etan lehertuko da festa. Suziriaren jaurtiketarekin batera, buruhaundiak eta txistulariak irtengo dira auzoko kaleetatik barrena. 13:00etan haurrek goizean egindako marrazkiak eskegiko dituzte eta ikusgai egongo dira guztientzat.

Arratsaldean, haurren parking-ak bigarrenez irekiko ditu ateak: 16:00etatik 19:00etara bitarte. 17:00etan haur jokoak ere egingo dira: zaku karrerak, aulki jokoa, lokotxak edota ura eta irinaren jolasa. 18:00etan Txapete ekarriko da gogora berriro ere, lorontzi lehiaketa bat eginez. Ondoren, txokolatada egingo dute auzoan. 

 

Eguneko argia itzaltzen doan heinean, gaueko egitaraua hasiko da. 20:00etan XXXII. sardin jate herrikoi ospetsua egingo da, eta haurrek erreleboa pasako diete helduei. Gaua girotzeko, eta ordu txikietan festak jarrai dezan, Alaiki musika taldeak kontzertua eskainiko du.

Harrijasotzaileak iaz, Portuko Festetan.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!