Irailaren 28an izango da Hernaniko IV. Liburu eta Disko Azoka, eta zabalik dago postua jartzeko izenematea

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 27a, 00:00

Euskarazko lanak bakarrik egongo dira ikusgai aurtengo IV. Liburu eta Disko Azokan.

Laugarren edizioa izango du azokak, eta egun osoko egitarauaz gozatzeko aukera egongo da Hernaniko Atsegindegi plazan. Dobera Euskara Elkartearen eskutik egingo da eta euskarazko lanak bakarrik egongo dira ikusgai. 

Laugarren edizioa izango du aurten Hernaniko Liburu eta Disko Azokak. Irailaren 28an ospatuko da Hernaniko Atsegindegi plazan, eta zabalik dago postua jartzeko izenematea. Dobera Euskara Elkarteak antolatzen duen egitasmo honek, Euskal Herriko liburugintzaren eta musikagintzaren ekoizpena ezagutzera ematea, eta Euskal kultura sustatu eta indartzea du helburu; beraz, euskarazko lanak bakarrik egongo dira ikusgai.

Postua jartzeko aukera zabalik egongo da irailaren 6ra arte, eta apuntatzeko Doberaren webgunera jo beharko da: dobera.eus/liburuetadiskoazoka. Bertan dagoen estekan klikatu eta formulario bat bete beharko da. Postua jartzea doakoa da, eta ez du inolako kosturik. Bestalde, bertaratzerik ezin dutenek, baina parte hartu nahi dutenek, azokan parte hartzeko aukera izango dute. Produktuak ekarrita, postua Doberako kideek osatuko dute, eta salmenten %40 ordaindu beharko zaio elkarteari. 

Argitaletxe, ekoizle edo argitaratzaile bakoitzak gehienez bi mahai jarri ahal izango ditu. Postuak nahi bezala atondu daitezke, beti ere erabiltzen den hizkuntza euskara delarik. Postuen kokapena zozketa bidez egingo da. 

Liburu Azoka izatetik, Liburu eta Disko Azoka izatera pasa ziren iaz, diskoei ere bere tartea eskaintzeko asmotan, eta aurten ere horri eutsiko diote. Musika eta literaturaz gain, mota guztietako ekitaldiak ere izango dira egun osoan zehar, hala nola, ipuin kontaketak, bertso saio literarioak, irakurraldiak, kontzertuak edota tailerrak.

Bestalde, laugarren edizio honetan ere, aurkezpenak egiteko tartea izango da. Gutxi gorabehera 30 minutuko aurkezpenak izaten dira. Beraz, liburu edo disko baten aurkezpena egiteko interesa izanez gero, eskaera orrian adierazi beharko da. Postuetan, egileek liburuak edota diskoak sinatzeko aukera ere izango dute. Hau ere jakinarazi egin beharko da, eskaera orria betetzerako unean. Aurten beste berrikuntza bat ere egongo da, telazko poltsa berriak jarriko dituzte salgai, saltzen diren liburu eta diskoak eramateko. Urtetik urtera indarra hartu du euskararen aldeko egitasmoak, eta geroz eta postu gehiago jartzen dira. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!