SOS mezua zabaldu eta batzar irekia deitu du Arraun Elkarteak

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 26a, 00:00

Laguntzeko prest dauden pertsonak eta irtenbide berriak bilatu nahi dituzte, Hernaniko Arraun Elkartearen etorkizuna bermatzeko.

Batzar irekia deitu du Hernaniko Arraun Elkarteak, irailaren 4rako, asteazkenarekin. Biterin izango da, arratsaldeko 19:00etan hasita. «Laguntzeko prest dauden pertsonak eta irtenbide berriak» bilatu nahi dituzte batzar horretan, «Arraun Elkartearen etorkizuna bermatze aldera, eta ibilbideari jarraipena eman nahian», nabarmendu dutenez.

Izan ere, SOS mezua zabaldu du Arraun Elkarteak, batzar irekia deitzearekin batera: «Kluba 1992tik etenik gabe ari da arraunlariak prestatzen, aldian aldiko zuzendaritza taldeen lan haundiari esker. Baina denak du bere ordaina, eta hau dena ahalbidetuko duen itzaleko lanean jarduten dutenentzat ere ez da erraza ilusioa eta ahaleginak bateratzea. Denean bezala, berrikuntza eta hauspoa dira proiektuek irauteko ezinbesteko gakoa, eta egun jardunean gabiltzan taldekideok behar dugu hortik ere zerbait, nekearen nekez, sortutako lan hori hutsean gera ez dadin. Lantaldea haunditu ezean, ezinezkoa izango da urte osoko lanari eustea, eta noski, arraunlariak izango dira kaltetuak; eskuartean dugun harrobi oparoa, hain juxtu».

Horregatik, irailaren 4ko batzarrera gonbidatu dituzte herriko arraunlari ohiak, arraunzaleak eta kirolariak: «Datozen erronkei begira, klubari bultzada eman nahiko lioketen pertsona guztiak».

«Aldaketa askoko ibilbidea», 1964an sortu zenetik

Elkartearen ibilbideari ere errepasoa egin dio zuzendaritza taldeak, eta nabarmendu du «aldaketa askokoa» izan dela, 1964an sortu zenetik, «orduko gazte talde batean piztutako grinaren ondorioz. Itsasorako irteerarik ez duten herri gutxik egin dute halako apustua, eta horrek desberdina egiten du gure kluba».

Egoitza finkorik gabe aritu zen hasieran, Ibarluze poligonoan egoitza eraikitzea lortu zuten arte. Traineruaren ingurukoa izan zen, urte luzez, klubaren jardunik garrantzitsuena; baina ahaleginak egin zituzten batel eta trainerilletan aritzeko ere. Eta horietara bideratu zuten euren indarra, 2000ko hamarkadaren hasieran trainerua utzi zutenetik. Mota guztietako aurrerapausoak eman dituzte azkeneko urteotan, eta horietako bat izan da trainerua berreskuratzea, 2015etik lehian ari dena. Horrek guztiak jarraipena izatea espero dute orain.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!