Oso garaipen garrantzitsua lortu du Barrenetxeak, partidu gogorrean

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 26a, 00:00

Partidu ikusgarria jokatu zuten Juaneneak eta Barrenetxeak, beste behin.

30-29 nagusitu zen Juanenearen kontra, eta lau punturekin hasi du Buruz Buruko Txapelketaren ligaxka.

Duela bi urte bezalaxe, berdin- berdin, hasi du Endika Barrene­txea hernaniarrak Buruz Buru­ko Txapelketaren ligaxka: 30-29 nagusitu zitzaion Aritz Juanenea saldiastarrari, larunbate­an. Hori horrela, aurreneko lau puntuak lortu ditu Barrenetxeak, eta Javier Urrizaren pare jarri da. Juaneneak, berriz, bi puntu eskuratu ditu, 27 tantoren langa gaindituta.

Oso gogorra izan zen partidua, eta are gogorragoa egin zuten beroak eta hezetasunak. Izerdi patsetan aritu ziren bi erremontistak, eta indar hustuta bukatu zuten partidua. Bietako edonork lortu zezakeen garaipena, eta hernaniarraren aldera erori zen azkeneko tantoa, Juanenearen sakeari bikain erantzunda: errestoa ezker hormara arrimatu zuen erabat, eta ezin izan zion erantzun saldiastarrak.

Ondo ekin zion partiduari Barrenetxeak, eta 6-3 aurreratu zen markagailuan; baina kolpe gogorra eman zion Juaneneak orduan: 11 tanto lortu zituen segidan (6-14). Ez zuen amore eman hernaniarrak, eta bera izan zen partiduko bigarren takada haundia egin zuena: 12-2ko partzialarekin, aurrea hartu zuen berriro (18-16). Hortik aurrera, parekotasuna izan zen nagusi. Barrenetxeak lortu zuen alderik haundiena (22-18), baina 25na berdindu zuten berriro.

Detaileetan erabakiko zen partidua, sakeak ez baitzuen hainbesteko protagonismorik izan bukaeran: apenas izan zen tantorik edo faltarik sakez, eta peloteoan jokatu ziren tanto gehienak. Azkeneko zati horretan, hernaniarra izan zen behin eta berriro aurrea hartu zuena markagailuan, baina 27na, 28na eta 29na berdindu zuen Juaneneak; azkeneko hori, ikusgarria: errebotetik pelota zaila jaso, eta bi pareta ederra egin zuen. Horri esker, berak egin zuen sakea tanto erabakigarrian, baina Barrenetxea izan zen aurreneko pelotakada zoragarri jo zuena.

Urrizaren kontra, bigarrena

Aste honetan jokatuko dituzte ligaxkako beste bi partidu. Ostegunean ariko dira bi galtzaileak, Imanol Ansa urnietarra eta Juanenea; eta larunbatean jokatuko dute irabazleek, Barrenetxeak eta Urrizak. Larunbatekoa irabazten duenak, pauso haundia emango du finalera zuzenean sailkatzeko bidean. Ostegunekoan, berriz, biziraupena dago jokoan, bereziki Ansarentzat. Estreinakoan puntu negatiboa jaso ondoren, ez dauka berriro huts egiteko aukerarik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!