Deabru Gorriyak txapeldun, finala penaltietan irabazi ondoren

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 25a, 00:00

Atezainak penalti hau gelditzearekin batera lortu zuen garaipena Deabru Gorriyak taldeak.

Giro ederrean jokatu zuten presoen aldeko lagunarteko Futbol 7 Txapelketa, atzo goizean Zubipen. 13 talde aritu ziren jokoan.

Giro ederra eta emozioa, biak izan zituen presoen aldeko lagunarteko Futbol 7 Txapelketak, atzokoan. Deabru Gorriyak taldea izan zen txapeldun azkenean, finalean Valles taldeari irabazita. Biek ala biek gol aukera politak izan arren, hutsean bukatu zuten partidua, eta penaltietan jokatu zuten: 2-1 nagusitu zen talde gorria, atezainak bi penalti gelditu ondoren.

Denera, 13 talde aritu ziren jokoan, goiz osoan zehar. Hiruna partidu jokatu zituzten ligaxkan, eta final zortzirenetan ekin zieten kanporaketei. Eguerdiko ordu beroenetan, lau talde geratzen ziren lehian: Deabru Gorriyak eta Suge Gorriak semifinal batean, eta Valles eta Desportibo bestean. Kanporaketa gainditu, eta beraien artean jokatu zuten sari nagusia bi finalistek, penaltietan.

Txapelketa bukatuta, azkar dutxatu eta Atsegindegin elkartu ziren denak. 180 lagunek hartu zuten parte bazkari jendetsuan, eta Andoni Ollokiegi musikari eta abeslariak girotu zuen bazkalostea, arazo teknikoek emanaldia dezente atzeratu zuten arren...

Erlazionatuak

Lagunarteko Futbol 7 Txapelketa

Kronika - Erredakzioa abu 24 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!