Entrenamendu berezia egingo du Hernanik gaur, Bidartekin batera

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 24a, 00:00

Hernani eta La Unicaren arteko partidua, joan den denboraldian.

Bi taldeek elkarrekin egingo dute lan saioa gaur, arratsaldeko 17:00etan hasita, Landaren.

Lanean da Hernani Errugbi Elkarteko mutilen talde nagusia, Ohorezko B Mailako denboraldiari begira. Urriaren 12an edo 13an hasiko dute liga, eta bi hilabete pasatxoko marjenarekin hasi zuten prestaketa trikoloreek, abuztuaren 6an. Astean hiru entrenamendu ari dira egiten, Patrick Polidoriren aginduetara beste urte batez.

Prestaketa horretan, garrantzitsua da kalitatezko lan saio bereziak egitea, eta horixe da gaurkoan izango dutena: Bidart Club Union talde lapurtarrarekin batera egingo dute entrenamendua, arratsaldeko 17:00etan hasita, Landareko zelaian. Partidutxoa ere jokatuko dute bi taldeek, prestaketarekin jarraitzeko.

Bosgarren denboraldia izango du Hernanik Ohorezko B Mailan, 2020an maila galdu zuenetik; bosgarren saiakera, Espainiako liga gorenera itzultzen saiatzeko. A multzoan ariko da, beste 11 talderekin batera: Uribealdea, Gijon, Zarautz, Cormoran, Getxo, La Unica, Real Oviedo, Gernika, Gaztedi, Pasek Belenos eta Uni Bilbao. Hortaz, talde bakoitzak 11 partidu jokatuko ditu aurreneko itzulian, urtarrilaren bukaerara bitarte, igoera fasera sailkatzen saiatzeko.

Etxean kontra jokatuko du estreinakoa Hernanik, Real Oviedoren kontra, urriko bigarren asteburu horretan. Partidu gogorra izango du bigarren jardunaldian, Getxon; eta Zarautz hartuko du Landaren, hirugarrenean.

Abonatu kanpaina martxan, denboraldi berrirako

Prestaketa lanekin batera, abonatu kanpaina ere jarri du martxan Hernani Errugbi Elkarteak, datorren denboraldirako. Ohorezko B Mailako taldearen etxeko partidu guztiak ikusteko abonoa da eskaini dutena, eta hiru motatakoak daude: abono arrunta 65 euroan; 25 urtetik beherako gazteena 25 euroan; eta jubilatuena 40 euroan. Landareko bulegoan egin daiteke, edota internet bidez, labur.eus/GQeRt helbidean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!