Urrizak Ansa egurtu ondoren, Barrenetxearen txanda gaur

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 24a, 00:00

Bere garai onenetako indarra erakutsi zuen Javier Urrizak ostegunean. Argazkia: Maialen Andres

Hernaniarrak debuta egingo du aurtengo Buruz Burukoan, Juanenearen kontra, 15:30etan Galarretan. Ostegunean, iruindarrak 30-9 irabazi zion iazko txapeldunari, ligaxkako aurrenekoan.

Ezusteko haundiarekin hasi da Buruz Buruko Txapelketaren ligaxka. Javier Urrizak irabazi zuelako ez, irabazteko moduagatik baizik. Iruindarrak egurtu egin zuen iazko txapelduna, Imanol Ansa urnietarra; banakako lehian, azkeneko bi urteetako erremontista indartsuena.

30-9 nagusitu zen Urriza ostegunean, hasieratik bukaerara jaun eta jabe izanda. Buruz Burukoaren txapela zortzi bider jantzi duenak, garbi erakutsi du bederatzigarrena ere lortu nahi duela. Normalean, partiduak aurrera egin ahala egin ohi du hobera iruindarrak, baina Ansaren kontra aurreneko tantotik eman zuen bere onena, eta erabat nagusitu zen jokoan. Pelota gogor astindu zuen, eta arriskatu egin zuen etengabe, tantoak laburtu nahian. Horrela, berehala bideratu zuen partidua bere aldera. Konturatzerako, 17-5ekoa erakusten zuen markagailuak.

Urnietarra, kontrara, bere mailatik oso urrun aritu zen, Urrizak erabat gaindituta; eta ohikoak ez dituen akatsak egin zituen peloteoan. Erreakzionatzeko aukerarik ere ez zuen izan. Partiduaren erdialdetik aurrera, zuloa haunditzen jarraitu zuen iruindarrak (24-7), eta ziztu batean egin zuen 30erako bidea.

Ia dena ondo eginda, 19 tanto lortu zituen Urrizak peloteoan, eta beste zortzi saketik. Zer hobeturik izan bazuen, sakez egindako faltak izan ziren: lau tanto eman zizkion Ansari horrela, eta beste bi huts egin zituen jokoan. Urnietarrak hiru tanto besterik ez zituen egin.

Osteguneko emaitza horrekin, oso egoera zailean geratu da ur­nietarra ligaxkan. 17 tantora iristetik urrun izan zenez, pun­tu bat kendu diote sailkapenean, eta ez dauka huts egiteko aukerarik, beste bi partiduetan. Urrizak, berriz, pauso haundia eman du txapelketan aurrera egiteko bidean, iazko txapelduna menderatu eta aurreneko lau puntuak eskuratuta.

Garaipenarekin hasi nahi du Endika Barrenetxeak gaur, Juanenearen kontra

Gaur arratsaldean jokatuko dute ligaxkako bigarren partidua, beste bi erremontistek: Endika Barrenetxea hernaniarra eta Aritz Juanenea saldiastarra izango dira aurrez aurre, 15:30etan hasita Galarretan.

Ez du ezustekorik nahi hernaniarrak. Bera da faborito, eta sasoi betean iritsi da txapelketara; baina badaki kontrario arriskutsua dela Juanenea, banakako lehian errekurtso asko dituena, eta edonori irabazteko gai dena. Joan den urtean, ligaxkan 30-17 nagusitu zitzaion hernaniarra, baina ondoren, semifinalean ezustekoa eman zion saldiastarrak (21-30). Saketik agintzen hasi, eta peloteoan ere nagusi izan beharko du Barrenetxeak, aurreneko lau puntuak eskuratzeko. Gainera, aitortu du «aniztasuna» bilatu duela azkeneko urtebetean, «pelotakada ezberdinak» landuta.

Beste bi partidu ere izango dira gaurko jaialdian, Galarretan. Aurrenekoan, Ezkurra II eta Larrañaga ariko dira, Segurolaren eta Azpirozen kontra; eta bigarrenean, Irazu-Martirena eta Gurrutxaga-Zaldua bikoteak izango dira aurrez aurre.

Osteguneko jaialdian, binakako bi partiduek jarri zuten emozioa, desenpatean jokatu baitzuten garaipena bietan: Susperregi-Eskudero eta Jabalera-Azpiroz nagusitu ziren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!