Futbol 7 Txapelketa gaur, Zubipen

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 24a, 00:00

Gipuzkoa mailan lehia betean dabiltzanak, gaztetan jokatutakoak, baloia urtean behin ikutzen dutenak, edota sekula futbolean aritu gabekoak. Guztiak elkartuko dira gaur Zubipen, presoen aldeko lagunarteko Futbol 7 Txapelketan.

13 taldek eman dute izena aurtengoan, eta goizeko 08:30etan elkartuko dira denak, Zubipen. Multzoak osatu eta txapelketaren formatua azalduko dute orduan; eta 09:00etan hasiko dira partiduak. Goiz osoan zehar jokatuko dute torneoa, finala barne. Bi talde finalistek izango dute saria: irabazleak, taldekide guztientzako otordua Oialume Zar sagardotegian; eta txapeldunordeak, otordua Tripontzi jatetxean. Gainera, finala ikustera geratzen diren talde guztien artean, hirugarren otordu bat zozketatuko dute, Larre Gain sagardotegian.

Bazkaria, Andoni Ollokiegiren emanaldia eta kale buelta musikatua, eguna borobiltzeko

Txapelketaren ondoren segiko du festak, ohiko bazkariarekin. Lepo beteko da Atsegindegi, 180 lagunek eman baitute izena bazkarirako. Andoni Ollokiegi musikari eta abeslariaren emanaldia izango da bazkalostean, eta kale buelta musikatua arratsaldean, eguna borobiltzeko.

Pozik daude antolatzaileak, partehartzearekin: «Kontuan hartuta jende asko kanpoan dagoela, uste genuena baino askoz ere herritar gehiagok eman dute izena!», nabarmendu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!