'Farha' eta 'Fedayin' filmak eskainiko ditu Udako Zinemaldiak, irailaren 6an eta 7an

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 22a, 00:00

'Fahra' filmeko eszena bat. 14 urteko neska palestinar bat da protagonista filmean.

Potemkin zinema taldeak antolatuta, gaueko 21:00etan jarriko dituzte bi filmak, Goiz Eguzkin. Aurreratu dutenez, biak dira «Israelek egunez egun Palestinan eragindako genozidioarekin» lotutakoak. Doakoak izango dira saioak.

 

Beste urte batez, Udako Zinemaldia antolatu du Hernaniko Potemkin zinema taldeak. Iraileko aurreneko asteburuan izango da, hilaren 6an eta 7an, ostiral eta larunbat gauetan zineaz gozatu ahal izateko. Goiz Eguzkin eskainiko dituzte, gaueko 21:00etan hasita; eta doakoak izango dira.

Oraingoan, gizartean puri-purian dagoen gai batekin lotutakoak izango dira filmak: «Israelgo estatu faltsu eta hiltzaileak, mendebaldeko herrien eta zenbait herrialde arabiarren laguntza eta konplizitatearekin, egunez egun Palestinan eragindako genozidioari buruzkoak dira eskainiko ditugun bi filmak», azaldu dute. 

'Farha', 1948ko 'Nakba'n oinarritutako filma

'Farha' izango da aurrenekoa, irailaren 6an eskainiko dutena. 2021eko ekoizpena da, Darin J. Sallamek zuzendutakoa, eta Deema Azarrek eta Ayah Jardanehek ekoitzitakoa; hirurak ere, emakume jordaniarrak. 92 minutuko iraupena dauka, eta Karah Taher, Ashraf Barhom, Ali Suliman eta Abu Walid aktoreak dira protagonista. 

Filma benetako gertakarietan dago oinarrituta, «Israelgo estatu infantizidak palestinar herriaren kontra 1948an eragindako 'Nakba'n (hondamendia) eta genozidioan». Radiyyeh izeneko neska gazte palestinarraren istorioa da kontatzen duena, Sallam zuzendariak berak txikitan entzundakoa.

Filmean, Farha izeneko neska da protagonista, 14 urtekoa. 1948ko gertakarien aurretik, bere ametsa da ikasten jarraitu ahal izatea eta hiriko eskolara joatea; eta hala eskatzen dio aitari. Hasieran ezezkoa ematen dio aitak, baina onartu egingo du azkenean. Albistea Farida lagunarekin ospatzen ari dela, bonba hotsak entzungo dituzte urrutian. Aitak etxeko despentsan ezkutatuko du Farha, bera borrokara joateko; eta hainbat egun emango ditu Farhak ezkutuan, zulotxo batetik gerra ikusten eta entzuten.

«Presio sionistak direla eta, Netflixen, Filminen eta beste hainbat plataformatan zentsuratuta dago filma», adierazi du Potemkin zinema taldeak.

 

'Fedayin, la lucha de Georges Abdallah', Frantzian 39 urte preso daramazkien libanotarrari buruzkoa

Udako Zinemaldiko bigarrena ere, irailaren 7ko gauean eskainiko dutena, 2021ean ekoitzitakoa da; kasu honetan, dokumental bat: 'Fedayin, la lucha de Georges Abdallah'. Collectif Vacarmes Films taldeak zuzendu zuen, eta Libanoko eta Frantziako ekoizpena da. 78 minutuko iraupena dauka.

Georges Ibrahim Abdallah libanotarrari buruzkoa da dokumentala. Palestinar herriaren aldeko militantea da Abdallah, eta 39 urte daramazki preso Frantziako espetxeetan. Europan arrazoi politikoengatik espetxean denbora gehien daramakien presoa da bera. Haren bizitza eta borroka ikertzen ditu dokumentalak.

Honela dio dokumentalaren aurrerapenak: «Bere izena askotan agertzen da manifestazioetan, prentsako artikuluetan eta Frantziako parlamentariek Justizia Ministeritzari bidalitako gutunetan. Baina, nor da benetan? Zergatik daramazki jatorri kristautarreko komunista libanotar batek 35 urte preso Frantzian? Zergatik da palestinarrentzat bere presoetako bat? Georges Abdallah deskubrituko dugu dokumentalean, 1948ko 'Nakba', 1970eko Jordaniako 'Irail Beltza', 1982ko Libanoren okupazioa, bere kontzientzia eraiki zuten palestinar errefuxiatu kanpamenduak eta haren askapenerako nazioarteko mugimendua tarteko».

Aurkeztu zenetik, ehunka ekitaldi, zinemaldi eta jendaurreko jardueratan eskaini dute dokumentala, Potemkin zinema taldeak nabarmendu duenez.

 

'Fedayin' dokumentaleko irudi bat, Georges Ibrahim Abdallahri eskainitako mural bat ageri dela.

 

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!