Azkeneko bi txapeldunak aurrez aurre, Buruz Buruko ligaxka hasteko

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 22a, 00:00

Imanol Ansa urnietarra, joan den urteko finalean. Argazkia: Maialen Andres

Elkarren kontra ariko dira Imanol Ansa eta Javier Urriza gaur, Galarretan, 16:30etan hasiko den jaialdian.

 

Gaur arratsaldean hasiko da Buruz Buruko Txapelketaren fase erabakigarria, banakako lehian onenak diren lau erremontistekin: Endika Barrenetxea, Imanol Ansa, Javier Urriza eta Aritz Juanenea. Ligaxkaren estreinako partiduan, azkeneko bi txapeldunak izango dira aurrez aurre, Ansa eta Urriza. Arratsaldeko 16:30etan hasiko da jaialdia Galarretan.

Partidu gogorra da bientzat, aurreneko garaipena lortzeko bidean. Urnietarrak oso kontrario arriskutsua izango du aurrean, txapelaren defentsa hasteko. Aurreligaxkan Xabier Azpiroz menderatzetik dator Urriza (30-25), eta 2022ko mailatik gertu dagoela dirudi. Txapela jantzi zuen iruindarrak, urte hartan. 

Ansa izango da faborito, bera izan baita, azkeneko urte eta erdian, buruz buruko erremontista onena. Baina Urrizaren errekurtso sorta ezin zabalagoa da, eta bere maila onenetik gertu arituz gero, edonori irabazteko gai izango da.

Aurreneko puntuak izango dira jokoan, gaurko partiduan. Irabazleak 4 puntu eskuratuko ditu; galtzaileak, berriz, egindako tantoen arabera: 27-29 tanto artean eginez gero, 2 puntu; 24-26 eginez gero, puntu 1; 17-23 tanto eginda, punturik ez; eta 16 tanto edo gutxiago lortuta, puntu bat kenduko diote.

Puntuazioa horrela izango da ligaxkako partidu guztietan. Sei jardunaldi izango dira denera, datozen hiru ostegun eta larunbatetan. Etzi, Barrenetxeak eta Juaneneak jokatuko dute beraien aurreneko partidua, arratsaldeko 15:30etan Galarretan.

Erremontista bakoitzak bere hiru partiduak jokatuta, puntu gehien dauzkana finalera sailkatuko da zuzenean, eta bigarrenak eta hirugarrenak semifinala jokatu beharko dute. Laugarrena, berriz, txapelketatik kanpo geratuko da.

 

Beste bi partidu, gaurkoan

Gaurko jaialdiko bigarren partidua izango da Ansaren eta Urrizaren artekoa, eta beste bi partidu ere jokatuko dituzte, binakakoak. Aurrenekoan, Gurrutxaga eta Goikoetxea VI ariko dira, Susperregiren eta Eskuderoren kontra; eta hirugarrenean, Ezkurra II eta Martirena, Jabaleraren eta Azpirozen kontra. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!