«Sasoi onean nago, eta uste dut aukera daukadala urte onenetako maila emateko»

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 21a, 00:00

Endika Barrenetxea, aurtengo Buruz Buruko Masterrean. Argazkia: Maialen Andres

Endika Barrenetxea hernaniarrak larunbatean ekingo dio Buruz Buruko Txapelketa Nagusiari. «Oso gorputzaldi onarekin» iritsiko da lehiara, baina badaki konpetentzia haundia daukala: «aspaldiko txapelketa parekatuena da».

Bihar hasiko da Buruz Buruko Txapelketaren fase erabakigarria, eta hiru erremontista ariko dira lehia bizian, irailaren bukaerara bitarte, txapel preziatua janzteko. Endika Barrenetxea, Imanol Ansa, Javier Urriza eta Aritz Juanenea.

Hernaniarrak larunbat honetan egingo du debuta, Juanenearen kontra. Inolako minik gabe eta «oso gorputzaldi onarekin», gogotsu dago txapelketari begira. Fisikoki joan den urtean baino hobeto dagoela aitortu du, eta egindako prestaketagatik eta izandako sentsazioengatik, 2019an eta 2021ean lortutako garaipenen mailan aritu daitekeela uste du. Berriro txapela janztea beste kontu bat izango da, «edozeinek edozeini» irabazi diezaiokeen txapelketa parekatu eta luze honetan.

Hastear da Buruz Buruko Txapelketa zuretzat. Zer darabilkizu buruan?

Buruz Burukoa beti da urteko txapelketa bereziena, bakarrik zaudelako kantxa barruan. Kantxa oso haundi ikusten duzu, zure burua oso txiki, eta paniko eszeniko gehien sortzen duen torneoa da. Barruan dauzkazun beldur guztiak pizten dizkizu jokatu aurretik. Urteen poderioz hori kudeatzen ikasten duzu, eta hori ahalik eta ondoen egitea daukat buruan oraintxe.

Zein gorputzaldirekin iritsiko zara?

Egia esan, oso gorputzaldi onarekin. Inolako minik gabe, ez artikulazioetan eta ez muskularki; eta joan den urtean baino askoz ere tonu hobearekin fisikoki. Txisparekin nago, pelota bizi ateratzen zait, eta indarrarekin sumatzen naiz. Buruz burukoan teknikak garrantzi gehiago dauka fisikoak baino, baina teknikan asko zentratu izan naizenean asko sufritu izan dut partiduen bukaeran; eta alde horretatik behintzat, aurten hobeto nago lehengo urtean baino.

Garesti dago finalerako txartela aurten...

Bai, hala da. Imanol Ansak esan zuen aspaldiko txapelketarik parekatuena dela, eta uste dut arrazoi daukala. Iruditzen zait Imanolek guztioi irabazi diezagukela; nik ere aukera daukadala beste hiruak menderatzeko; Javier Urriza ere gai dela horretarako; eta Aritz Juanenea da inkognita haundiena. Ansa eta Urriza badakit sasoi bete-betean daudela; Juanenea ez dugu ikusten iazko puntuarekin, baina buruz buruko erremontista da, eta gaitasun tekniko haundiak dauzka edozeini irabazteko, joan den urtean bezalaxe. Beraz, edozeinek edozeini irabazi diezaioke.

Txapelketaren iraupenak ere izango du zeresana.

Bai, lehen hiru-lau astetan jokatzen genuena, aurten hilabete eta erdiz luzatuko da, irailaren bukaerara arte. Eta hori kontuan hartu beharko dugu pelotariok. Lehen bilatzen zenuen sasoi puntu onena une jakin batean edukitzea, baina orain hori mantendu beharra daukazu denboran.

Hori horrela, gertatu daiteke, ligaxkan erabat nagusi denak ezustekoa hartzea finalean, ezta?

Bai, edozer gertatu daiteke. Ligaxka ondo hasten duenak, agian bi partidutan ziurtatuko du finalera pasea, eta horrek aukera emango dio bi aste luzez finala ondo prestatu eta puri-purian iristeko, entrenamendu espezifikoak eginda. Finalerdia jokatu behar duenak ez dauka aukera hori. Baina, era berean, txartela lortzeko lehia bukaerara arte luzatu behar duenari, joko maila mantentzeko aukera eman diezaioke horrek. Gainera, bi-hiru aste oso luzeak izan daitezke, urduri jartzeko eta burua nahasteko.

Zure kasuan, zein izango da gakoa ligaxka honetan?

Beti bezala, sakea izango da nire indargune nagusia, tantoa nire aldera bideratzen saiatzeko. Baina urteen poderioz ikasi dut, barietatea oso garrantzitsua dela jokoan. Ez dituzu zure hiru pelotakada onenak behin eta berriro explotatu behar; aniztasun gehiago behar duzu. Azkeneko urtean pelotakada gehiago landu ditut, eta gustatuko litzaidake horiek kantxan erakustea, eta ikustea baliogarriak direla.

Buruz Buruko bi txapel eta Masterreko beste bi lortu zenituen duela urte gutxi, baina Ansa nagusitu da azkenekoetan, eta Urriza 2022an. Orduko Barrenetxea onena bueltatzeko dago, edo kontrarioek egin dute gora?

Bietatik dauka, pixka bat. Urteak generamazkien esaten Imanolen momentua iritsiko zela, eta hala izan da. Oso ondo ari da, eta bete-betean dago. Nik, berriz, hainbat gorabehera izan ditut. Txapelak jantzi nituen garaian, oso maila altuan nengoen, baina txapelketak ez zaitu beti berdin harrapatzen. Gainera, Crohn gaixotasunarekin, une batzuetan gehiago zentratu behar dut beste gauza batzuetan, kirolean baino. Momentu honetan, egindako prestaketagatik eta sentsazioagatik, uste dut aukera daukadala urte on horietako maila emateko.

Edozein kasutan, nik pittin bat behera egin arren, Imanolek nabarmen egin du gora, eta sasoi puntu onean egon behar duzu, bai ala bai, berari irabazteko.

Aritz Zubiri izango duzu botilero aurten ere?

Bai, nahiz eta larunbat honetan ezingo duen egon, kanpoan delako. Ziurrenik Josetxo Ezkurra izango dut aholkulari horretan. Baina hortik aurrera Aritzekin, bai. Berarekin egin ditut entrenamenduak, bera izan dut 'sparring'. Oso ondo ezagutzen dugu elkar, urte pila bat daramazkigulako elkarrekin jokatzen. Ikusi izan du noiz nagoen ondo eta noiz ez, eta kanpoko kontrastea ematen dit, objetiboa da. Batzuetan oso ondo sentitzen naiz ni, eta berak esaten dit egon naizela hobeto ere. Eta beste batzuetan, aldiz, nik sentsazio txarra izan, eta berak ezetz, sakea ondo ateratzen zaidala eta kolpe biziarekin nabilela. Ondoen ezagutzen nauen pelotaria da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!